Okango auzoa bitan zatitzeko puntuan izan zen orain 85 urte

Anboto 2013ko ots. 18a, 08:40

Berriz eta Zaldibarko herriguneak ezker-eskuin dituela, bien arteko gorune berdean dago Okango. Berrizko auzoko baserri batzuek Zaldibarrera batzeko saiakera egin zuten 1928an

Berriz eta Zaldibarko herriguneak ezker-eskuin dituela, bien arteko gorune berdean dago Okango. Berrizko auzoko baserri batzuek Zaldibarrera batzeko saiakera egin zuten 1928an.

 

Berriz eta Zaldibar alde banatara dituela, Okangoko auzobideak herrigune bietara du irteera. Belardi zabaletan barreiatutako baserri klasiko eta eraberrituetako bizilagunek ia distantzia berera dituzte herrigune biak. Okango Berrizko sei auzoetako bat da, baina orain 85 urte auzoa bitan zatitzeko zorian egon zen, 14 baserrik Zaldibarrera pasatzeko ahalegina egin zutelako.1928an gertatu zen, Espainian Primo de Riveraren diktadura indarrean zegoenean.

 

Okango auzoko basetxe batzuk Berrizko udalerritik banantzeko prozesua prestatzen hasi ziren. Sasoi hartako Juan Unzuetak, Luis Lazpitak eta Segundo Oiartzunek hasitako espedientearen helburua, hain zuzen, elizaz Zaldibarkoak ziren 14 baserri eta bertako 141 biztanleak Berriztik banantzea izan zen. Balendin Lasuen zaldibartarrak jaso du istorioa, herriko historia eta kuriositateak batuz argitaratuta duen bildumako 13. liburuxkan, Auzoetako basetxe eta sendiak izenekoan.

 

Sasoi hartako Berrizko Udalak banantzearen aurka agertzeko honako argudio hau erabili zuen: hori gertatzen bazen, herriko biztanle kopurua 2.000tik behera geratuko zela, eta, ondorioz, ezingo zituztela jaso estatuak biztanle kopuru horretatik gorako udalerrei ematen zizkien hobariak. Baina garai hartan, Berrizek 2.213 biztanle zituen, eta banatu gura zuten 14 baserrietako 141 biztanleak kenduta 2.072an geratuko zen, legeak eskatutako kopurutik gora. Beraz, Lasuenek kontatzen duenez, banantzea saihesteko, “banaketa eskatzen eben basetxeen jabeengana joan ziren, bertan bizi ziren maizterrak bildurtzeko”.

 

Azkenean, “presioen” ondorioz, hainbat maizterrek euren sinaduragaz ezetz esan zioten banantzeko egitasmoari. Hala ere, Zaldibarko herriak Okangoko umeei Zaldibarko eskoletara joaten uzten jarraitu zuen, aspalditik egiten zuten moduan, Bizkaiko Aldundiak 1935ean Uribeko auzo eskola eraiki zuen arte. Baseliza eta jaiak Berrizko Udaleko iturrien arabera, Okango auzoak 166 biztanle ditu gaur egun, eta kuriositate moduan aipatu emakumeen zein gizonen kopurua berdina dela: 83na. Okangoko baselizak San Migel du izena, eta gotiko sasoiko arrasto gutxi batzuei eusten die oraindik. Auzoetako ohiko baselizak baino handiagoa da tamainaz. Auzoko jaiak irailaren 29an, San Migel egunez, ospatzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!