"Polizaren kontratua ikusten ere ez digu utzi aseguruak"

Anboto 2013ko urt. 19a, 09:06

Semearen hiletarako laguntza barik geratu dira Mila Basterretxea eta Jose Jurado, aseguru-etxeak sinatutako polizaren tramiteak egin barik zituelako

Semearen hiletarako laguntza barik geratu dira Mila Basterretxea eta Jose Jurado, aseguru-etxeak sinatutako polizaren tramiteak egin barik zituelako.

 

Santa Lucia aseguru-etxean egindako poliza txarto kudeatu eta semearen hiletarako laguntza Mila Basterretxea eta Jose Jurado berriztarrek. Erreklamazioak egin dituzte, bai Santa Lucia zentralean, bai administrazioan.

 

2011n, Urtzi semea jaiotzeko itxaroten zeudela, aseguru-etxeko langile biren bisita jaso zuten zerbitzu bat eskaintzen. Umeentzako aurrezki kontu moduko bat zen, eta harekin batera, Urtzi euren polizan sartzea sinatu zuen bikote berriztarrak: “Umea bihotzeko gaitz larri batekin zegoela bagenekien, eta horregatik interesatzen zitzaigun poliza.Urte hartan jaiotzekoa zenez, poliza egin ahal genuela esan ziguten, eta sinatu egin genuen”.

 

Iazko urrian, Urtzi hil egin zen, operazio baten osteko konplikazioen ondorioz. Orduan, hileta lotzeko Santa Luciara deitutakoan jakin zuten Urtzi ez zegoela polizan sartuta: “Aurreko gerentziako kideen errua izan daitekeela onartu digute, Durangoko bulegoan iruzur arazoak izan dituztela eta posible dela eurek tramitatu ez izana”.

 

2010ean lehenengoz sinatutako polizaren kontratua egundo ez dietela bidali ere kritikatu dute: “Berriztutakoa iraila erdialdera heldu behar zen, teorian”.Azaroan deitu zuten ardura horrekin,eta ez kezkatzeko esan zieten; “eginda zegoela baina denak lanpetuta zebiltzala eta deituko zutela”. Ez ziren kontu horretaz gehiago arduratu; “Urtziren ospitaleko joan-etorrietan nahikoa lan geneukan”. Polizaren kopia eskatuta daukate, baina oraindino ez diete bidali.

 

 

Erreklamazioak

Edukitako arazoengatik erreklamazioak aurkeztu dituzte, baina hori ere ez da erraza izan,hasieran bulegoan ez zutelako erreklamazio orririk eskura izan. Erreklamazioa jartzeko,polizaren zenbakia behar zuten,baina eskura ez zutenez, ezin egin. “Gure aurrean inprimatu dute polizaren orria, baina ikusten ere ez digute utzi”. Erreklamazioak jartzeaz gainera, Arartekora babes eske joatekotan da bikotea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!