"Gordeta genuen material hau guztia erakutsi gura genuen"

Anboto 2013ko urt. 4a, 12:03

Arantza Urrezti (Berriatua, 1936) Mesedeetako Misiolariek Berrizko Vera Cruzeko komentuan zabaldu berri duten museoaren arduraduna da. Margarita Lopez de Maturanak Berrizko klausurako komentua misiotarako institutu bilakatu zuen. Gaur egun, 400 mojak 17 herrialdetan dihardute

Arantza Urrezti (Berriatua, 1936) Mesedeetako Misiolariek Berrizko Vera Cruzeko komentuan zabaldu berri duten museoaren arduraduna da. Margarita Lopez de Maturanak Berrizko klausurako komentua misiotarako institutu bilakatu zuen. Gaur egun, 400 mojak 17 herrialdetan dihardute.

 

Zelan sortu da museoa martxan jartzeko asmoa?
Dokumentazio eta materiak ugari genuen gordeta, eta bisitan zetozenei erakusten genien. Jendeari dokumentazio hau guztia erakusteko zer egin geinken pentsatzen hasi ginen. Gotzaitegian, Bilboko Eleizmuseoak lagundu diezagukeela esan ziguten eta beraiegin hartu-emanean jarri ginen orain bost urte. Gure asmoa ondo hartu zuten eta informazioa biltzen hasi ziren. Museoko arduradunek, Juan Manuel Gonzalez Cembellínek eta Raquel Cillak asko lagundu digute.

 

Nor zen Margarita Lopez de Maturana?
Margarita Maria, bataio izenez Pilar, (Bilbo, 1884ko uztailaren 25ean - Donostia, 1934ko uztailaren 23an) Berrizko Mesedeetako Misiolarien sortzailea izan zen. Leonor izeneko ahizpa bikia zuen, hura ere moja zen. 16 urtegaz bere amak Berrizko komentura bialdu zuen nautikako ikasle bat ahaztu zezan. Bertan, bokazioa zuela konturatzen da eta 19 urtegaz komentuan gelditzea erabakitzen du.

 

Misioak izan dira kongregazioaren oinarri.
Bai, Margarita Mariaren ahaleginari esker 1930ean klausurako komentua misiolarien institutu bilakatu zen. 1926an espedizio bat bidali zuten Wuhurura (Txina). 1927an, Saipanera, Mikronesiako irla txiki batera joan ziren. 1928an Tokiora bidaiatu zuten (Japon). Batez ere ebangelizazioan jardun zuten, emakumeei hezkuntza eskaintzen eta umezurztegi eta anbulatorioak sortzen.

 

Margarita Mariak ere bidaiatu zuen.
Lau bidaia egin zituen mundua zeharkatuz. Viaje misionero al rededor del mundo liburua idatzi zuen.

 

Informazio ugari bildu duzue urteotan.
Margarita Mariak esaten zuen egiten genituen bidaietan argazkiak atera behar zirela.Beraz, argazki asko ditugu eta baita bertako objektuak ere.

 

Gaur egun, zein herrialdetan diharduzue?
Taiwanen, Mikronesian, AEBn, Japonen, Filipinetan, Ertamerikan, Hego Amerikan, Afrikan eta Espainian gabiltza lanean, 17 herrialdetan. 400 pertsonara ez gara heltzen gaur egun, 130 inguru espainiar Estatuan eta gainerakoak misioetan.

 

Margarita Maria dohatsu izendatu zuten.
2006ko urriaren 22an Bilboko Donejakue katedralean dohatsu aitortua izan zen.

 

Baten batek museoa ikustera etorri gura badu, zelan jarri daiteke hartu-emanean zuekin?
Noiz etorri gura duten jakiteko 94 622 55 30 telefono zenbakira deitu dezakete.

 \"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!