Etxebizitza kaleratzeen kontrako mozioa onartu dute aho batez

Anboto 2012ko abe. 15a, 09:49

Entitate batek herrian kaleratze prozesua egingo balu, udalak diru-funtsak kenduko lizkioke

Entitate batek herrian kaleratze prozesua egingo balu, udalak diru-funtsak kenduko lizkioke.

 

Talde politiko guztiek egindako mozioa onartuta, Berrizko Udalean etxebizitza kaleratzeen prozesuetan parte ez hartzeko konpromisoa hartu dute. Horrelako kasuetan parte hartu gura ez duten langileak babestuko dituztela adierazi dute, eta administrazio publikoko arduradunei hipoteka arloko legedia aldatzeko eta kaleratzeak geratzeko lan egitea eskatu diote.

 

Kaleratzeen aurrean hartutako konpromisoak hamaika puntutan batu dituzte Berrizko udalbatzako kideek. Lehenago Durangoko Udalean egindakoaren antzera, etxegabetzeak aurrera eroaten dituzten finantza erakundeetatik funtsak erretiratzeko konpromisoa hartu du Berrizko udalbatzak. Prozedura horiek geratzeko eskatu die banketxeei, eta batez ere Kutxabanki, udalagaz daukan loturagatik. Udalak finantza erakundeekin dauzkan hartu-emanak errebisatuko ditu, etxegabetzeekin daukaten jarreraren arabera.

 

Mozioan “Espainiako gobernuak eta bankuek etxebizitza kaleratzeen aurrean duten jarrera” salatu dute. Kutxabankegaz -eta ahal bada beste entitate batzuegaz ere bai- hitzarmen bat sinatuko dela dio testuak. Horrela, banketxeek dauzkaten etxe hutsak alokairu sozialean emateko programa batean sartuko lirateke.

 

Etxe kaleratzeak kaltetutako berriztarrei informazioa emateko konpromisoa hartu dute udal taldeek: “Entitate finantzieroekin harremanetan jarri eta kaleratzea bertan behera uzten ahaleginduko da udala”. Kaltetuen beharrei erantzuteko telefono eta helbide elektroniko bana jarriko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!