Zabor organikoa botatzeko lau edukikontzi marroi ipiniko dituzte Berriziklatu egitasmoaren bigarren fasean. Abenduaren 5era arte eman daiteke izena, edukiontziko giltza eta fekulazko zabor poltsak hartzeko. Atez ateko sistemak ere martxan jarraituko du.
Azterlanen aztertutako lehen konposta kalitate onekoa dela jakin berri, Berriziklatu egitasmoaren bigarren fasea aurkeztu du Berrizko Udalak. Lehen fasean, 15 tona baino gehiago tratatu dira Berrizburuko konpost plantan. Saiakeran parte hartu dute 60 familik, jatetxe batek, lau fruitu-dendak, barazki denda batek eta Learreta-Markina eskolak. Herritar gehiagorengana zabaltzeko, orain edukiontzi marroiak ipiniko dituzte, bertara zabor organikoa botatzeko. Ontzia portalean uzteko orain arteko sistemak ere jarraituko du, gura duenarentzako.
Fase honetan parte hartu gura duten berriztarrei, hasteko, patata fekulazko ehun poltsa –biodegragarriak dira–, edukiontzirako giltza eta etxean edukitzeko kubotxoa emango dizkie udalak. Zabor poltsa bereziak herriko saltokietan egongo dira salgai gero. Kalean lau edukiontzi ipini gura dituzte, eta Orland Isoird alkateak aurreratu duenez, kokapena zehazteko animatzen diren berriztarrak ze kaletan bizi diren hartuko dute kontutan.
Dagoeneko informazio eskuorriak etxerik etxe banatu dituzte, eta 22 lagunek izena eman dutela azaldu du Julen Arzuaga teknikariak. Abenduaren 5era arteko epea egongo da izena emateko, eta edukiontzia erabiltzeko aukera emateaz gainera, gura duenak orain arteko atez ateko sistema aukeratu ahalko du: "Bakoitzak erosoen datorkion sistema aukeratu ahalko du".