Zerga eta tasa batzuk %2,5 igoko dituzte

Anboto 2012ko aza. 14a, 08:38

Orland Isoird Berrizko alkateak adierazi duenez, eskualdeko beste herrietako tasak begiratu dituzte, eta berriztarrei karga larregirik ez ezartzea hartu dute kontutan. Izoztuta egondako zerga eta tasak apurka-apurka igotzea erabaki dute, \"hemendik urte batzutara kolpean ez igo behar izateko\"

Orland Isoird Berrizko alkateak adierazi duenez, eskualdeko beste herrietako tasak begiratu dituzte, eta berriztarrei karga larregirik ez ezartzea hartu dute kontutan. Izoztuta egondako zerga eta tasak apurka-apurka igotzea erabaki dute, "hemendik urte batzutara kolpean ez igo behar izateko" .

 

Zergei dagokienez, Ondasun Higiezinen gaineko zerga eta Jarduera Ekonomikoen gainekoa igoko dituzte. Ibilgailuen eta obra eta instalakuntzen zergak, berriz, izoztea erabaki dute aho batez. Tasetan, %2,5 igoko dituzte uraren, zaborraren, kirol zerbitzuen, eta ezkontza zibilen tasak, besteak beste. Saneamendua eta lizentzia urbanistikoen tasak, esaterako, bere horretan jarraituko dute.

 

Tasetan kontzeptu berriak ere badaude, kanposantuko hezurtegiek eta errautsak gordetzeko tokien gainekoak. Hezurtegien alokairua 500 eurokoa izango da 99 urtetarako, eta errautsena 300 eurokoa epe berdinerako.

 

Udalbatzan aho batez onartu dituzte ordenantza fiskalen aldaketak. Orland Isoird alkateak batzordeetan egindako lana nabarmendu du, eta azaldu du bere osotasunean barik zatika igotzea planteatu dutela, "larregizko kargarik" ez egoteko. Durangaldeko beste herrietako ordenantzak ere eduki dituzte kontutan. Adibidez, zaborren gaineko zergan Berriz eskualdeko merkeena dela adierazi du Isoirdek, eta horregatik erabaki dutela igotzea.

 

Aurreko urteetan hainbatetan izoztu dira zerga eta tasak, eta apurka-apurka igotzen joatea erabaki zuen gaur egungo udalbatzak legegintzaldi hasieran. Horrela, "hemendik urte bitara kolpean ez igotzea saihestu gura dugu", azaldu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!