Antolatzaileek espero baino ume gehiago batzen da duela hilabete sortutako Kalabazan ludotekan.
Kultur etxeko hirugarren solairuan ume asko batzen da bi zapaturik behin, Kalabazan ludotekan. Pagotxa aisialdi elkarteak duela hilabete ipini zuen martxan ludotekaren egitasmoa, eta aurre-ikusitako harrera baino hobea izaten ari dela adierazi dute: 50 umetik gora ibiltzen da ludotekan, zabaltzen duten bakoitzean.
Zapatu honetan izango da ludotekaren hurrengo eguna. Orain arte hurreratu den ume kopurua dela-eta, adinaren arabera txandak egitea erabaki dute Pagotxa aisialdi elkarteko kideek; 17:00etatik 18:30era hiru eta bost urte arteko umeentzako egongo da ludoteka, eta 18:30etik 20:00etara, sei eta hamaika urte artekoentzat.
Momentu honetan begirale bi dabiltza ludotekan lanean. Bilduren zinegotzi Xabi Zalduak adierazi duenez, formatua handitzeko beharra egon daiteke: “Hasieran hogei ume inguruko ludoteka geneukan buruan,
baina ikusi dugu herrian arrakasta eduki duela ideiak, eta benetan berriztarrentzako premiazkoa dela”.
Ludoteka eratzeko diru laguntza Bilduren zinegotzien dietetatik etorri da. Kargua hartzerakoan, dietak ez kobratzea erabaki zuten zinegotziek, eta diru horretako zati bat herriko proiektuetara bideratzea. Aurtengoan, Pagotxaren Kalabazan ludotekaren egitasmoagaz bat egitea erabaki dute.