Zengotitabehekoa kalean egongo da taxien geltokia, eta astelehenean hasiko da zerbitzua.
Auzo-taxia erreala izango da astelehenean. Bada urtebete udalak egitasmoaren berri eman zuela, 2012rako aurrekontuetan zehaztu zuenean. Baina, lehenik eta behin taxi lizentziak banatu zituen udalak, herrian ez zegoen-eta taxirik. Orain, proiektuaren diseinua amaituta, zerbitzua martxan ipiniko dute. Astelehenetik aurrera, auzoetako bizilagunei herrian mugitzea erraztuko zaie. Auzotik auzora zein herrigunera joatea posible izango dute euro biren truke. Aurretik, erabiltzaile-txartela eskatu beharko dute udaletxean.
Gero, bidaiatzea gura dutenean, 620 022 800 telefono zenbakira deituko dute. Astegunetan 07:30etik 21:00etara eta zapatuetan 09:00etatik 14:00etara izango da erabilgarri. Herrigunean, Zengotitabengoa kaleko 2. zenbakian egongo da taxi geltokia.
Taxi zerbitzu normalerako eta auzo-taxirako, telefonoa eta geltokia berdinak dira. Udalak Javier Larrinaga eta Javier Isasi herritarrei adjudikatu dizkie lizentziak, eta eurek eskainiko dituzte zerbitzu biak. Beraz, enplegua sortu dute eta Orlan Isoird alkateak garrantzia eman dio: “Hori ere bazen helburua”.