Bertako baserritarrei sasoian sasoiko produktu agroekologikoak erosteko kontsumo taldeak sortzen hasi dira Berrizen. Oka kultura elkartea dabil ekimena bultzatzen eta laster hiru hiletako proba egingo dute.
Kontsumitzaileei begirako batzar bat egin dute honezkero, eta bertan 30-40 familia batu direla azaldu du Xabi Zaldua Oka kultura elkarteko kideak: “Asteon taula bat pasatuko diegu familiei, zer eta zenbat kantitatetan kontsumituko luketen ipintzeko”. Horrela, baserritarrek saldu behar dutena planifikatu ahalko dute. Lehenengo Nekasare ekoizleen elkartearen bidez egingo da banaketa. Zalduak adierazi duenez, asmoa laster Berrizko baserritarrekin batzartu eta kontsumo taldean parte hartzeko deia egitea da.
Produktuen artean, astero sasoian sasoiko barazki otzara banatuko da, hiru kilokoa, 10 euroren truke. Horretaz gainera, esnekiak, oilaskoa, arraultzak, txerri okela... erosi ahalko dira. Interesa daukaten herritarrek okakontsumotaldea@gmail.com helbidera idatzi dezakete.