Bizirik Betiko plataformako kideek kritikatu egin dute hondakindegi gainean parkea egin izana.
Hondakindegia guztiz zarratu eta zigilatzeko lanak amaituta daudela informatu du Aldundiak. 2008ean eten zuten hondakindegiko jarduera, eta 1994ean zabaldu zutenetik 1.350.000 tona hondakin pilatu dituzte. Ingurua berreskuratzeko, zigilatu egin dute hondakindegia, urik barrura ez sartzeko, eta gai kutsakorrak izan ditzaketen lixibiazioak (kanporanzko filtrazio arriskutsuak) gerta ez daitezen.
Hondakinak isolatzeko lanez gainera, lurrazala berreskuratzeko lurra eta landaretza ipini dute. 20.000 metro koadro inguru aisialdirako atondu dituzte. Oinezkoentzako bidea ipini , eta umeen jolasetarako lekua utzi dute. Inguruko mendiak identifikatzeko mahai panoramiko bat ere ipini dute.
“Kontrol falta”
Joseba Fernandez Bizirik Betiko plataformako ordezkariaren ustez, hondakindegi gaineko lurra erabilpen barik geratu beharko litzateke. Denbora batera lurra mugitzeko arriskua dagoela ohartarazi du: “Hor ezin da ezer urbanistiko ez ludikorik eraiki”.
Hondakindegira botatako hondakinen “kontrol falta” kritikatu du Fernandezek. 2006an piztutako sutea gogoratu du: “Hondakin inerteek ez dute sua hartzen”. Eskola eta etxeetatik gertuegi egon dela ere esan du: “Bi kilometrora egon beharko litzateke, eta 500 metrora egon da”.