Gerediagako bidesaria doakoa izateari buruzko mozioa onartua

Anboto 2012ko ira. 13a, 13:19

Bilduk aurkeztutako mozioaren kontra egin du EAJk, eta alde PSE-EEk. Iurreta eta Gerediaga arteko autopista zatia doan izatea eskatu dute mozioan

Bilduk aurkeztutako mozioaren kontra egin du EAJk, eta alde PSE-EEk. Iurreta eta Gerediaga arteko autopista zatia doan izatea eskatu dute mozioan.

 

Bilborantza autopistaz joan behar duten herritarrek Gerediagako bidesarian Iurretakoan baino 0,81 euro ordaintzen dutela eta, berriztarrak "ekonomikoki zigortuak" direla kritikatu du Berrizko Bilduk. Bidesari horretan alderik ez egotea eskatzeko mozioa aurkeztu du osoko bilkuran. Bizkaian hainbat udalerritan aurkeztuko du mozio bera Bilduk, aste honetan komunikatu dutenez.

 

EAJren kontrako botoekin eta Bildu eta PSE-EEren aldekoekin onartu dute Berrizen mozioa. Xabier Zaldua Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Bilborako bidesaria garestiago izateak kalte egiten dio trafikoari: "lau kilometro egiteagatik 81 zentimo ordaintzen dira, eta horregatik askok Gerediagan irten eta Iurretan sartuko dira autopistara, errepide nazionalean trafikoa sortuz". Bizkaiko Foru Aldundiari tarifa bera jartzeko eskatu diote mozioaren bidez. Zalduak bidesaria ordaintzea bera kritikatu du:, "aspaldi ordainduta dagoen autopista ordaintzen jarraitzen dugu Bilbo Handikoak ez garen bizkaitarrek".

 

PSE-EEko zinegotzi Francisco Jose Del Pinok mozioaren alde bozkatu du: "sozialistok beti agertu gara bidesari horren kontra". Gerediagako bidesariaz gainera, Ermukoa bera ere jaitsi beharko litzatekela uste du Del Pinok.

 

EAJk mozioaren kontra egin du. Orland Isoird alkateak Gerediagatik Iurretarako tartea doan izatea nabarmendu du, eta "Bilborantza garestiago bai, baina Gipuzkoarantza bidesaria merkeagoa" dela esan du. Iurretan baino 0,40 euro gutxiago ordaindu behar dira noranzko horretan. Alkatearen berbetan, "datu guztiak ipini behar dira mahai gainean". Bilbora egunero joan behar duenarentzako dirulaguntzak daudela eta bidesaria kilometroka kalkulatzen dela adierazi du Isoirdek.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!