Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak herriko udalaren babesagaz antolatzen duen oroimen ekitaldia burutu zuten atzo arratsaldean Olakueta plazan. Frankoren estatu kolpearen ostean, 1937ko irailaren 11n, frankistek fusilatu zituzten Felipe Urtiaga alkatea, Jose Agirre eta errepresaliatu guztiak gogoan hartu zituzten Felipe Urtiaga plazako ekitaldian.
Herriko memoria historikoaren inguruan lan egiten urteak daramatzaten Berriz 1936 elkarteko kideek eta Orland Isoird alkateak hartu zuten lehenengo berba, Xabier Amurizak bertso sorta kantatu zuen, eta lore eskaintza burutu zuten ekitaldira bertaratutako herritarrek.
Kultur etxea bete zuten oroimen ekitaldira hurreratu ziren herritarrek, ondoren. Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak hainbat herritarren testigantzarekin osatutako bideoa ikusi zuten.
Herri antzerkia domekan
Frankismoko biktimak oroitzeko ekitaldia burutuko dute, irailaren 16an Berrizen. Herri antzerkia eskainiko dute herriko gazteek, 13:00etan, udaletxeko parkean.