Kontsumo energetikoa murrizteko plan bat hasi du udalak, eta lehenengo fasean 140 luminaria berri ipiniko dituzte trenbide inguruan, eta handik behera.
Uztailean hasiko dira argiteria aldatzen eta lau hilabeteko epea edukiko dute lanok egiteko. Arkaraz kalean, San Antonio kalean, Olakueta plazan, Uirtiaga Plazan, Iturriza kaleko zati baten, Errotatxon, Paduran eta Gernika enparantzan egingo dituzte aldaketa horiek. Orland Isoird Berrizko alkateak azaldu duenez, zonalde horretan 30 urte inguruko farola batzuk ere badaude, eta luminaria zaharrenak Led teknologiako 64 farolengatik aldatuko dituzte. Gainontzekoetan potentzia baxuagoko bonbilak ipiniko dituzte; "argi mota ere aldatuko dugu, horia beharrean zuria ipinita"
Berrizburuko aisialdi gune berrian eta trenbidetik poligonorako pasealekuan ere farola berriak ipiniko dituzte.
Udalak kontsumo energetikoa murrizteko plan bat eratu du, eta argiteria aldaketa hauek plan horretako lehen fasea izango dira. Ikuskaritza edo auditoria bat egin dute, eta aldaketak eginda energia kontsumoa % 40 murriztu ahalko dela kalkulatu dute. Lehen argiteria aldaketa hauetarako 160.000 euro beharko direla esan du alkateak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 120.000 euroko diru laguntza eman diola udalari.
Isoirdek aurreratu duenez, Murgoitio eta Urzabal auzoetan ere egin gura dituzte argiteria aldaketak, baina hori beste proiektu espezifiko bat izango da: "Auzo horiek nahiko hondatuta daude eta kaleak berriztatzeko asmoa daukagu".
Udal eraikinak
Eraikin publikoetako ikuskaritza edo auditoria egiten dabiltzala jakin eragin du Isoirdek: "Oraindik ez daukgau emaitzik, baina bertan ere kontsumoa murrizteko plangintza egin gura dugu".