Inmigrazioko itun sozialari buruzko eztabaida, kulturarteko topaketen atarian

Anboto 2012ko eka. 19a, 12:19

Bihar, ekainak 20, Euskadiko Inmigraziorako Itun sozialari buruzko azalpenak eman, eta berriztarrek euren ekarpenak egiteko aukera edukiko dute. Domeka honetan VII. Kulturarteko Topaketak izango dituzte Berrizen

Bihar, ekainak 20, Euskadiko Inmigraziorako Itun soziala zer den azalduko dute hizketaldian, eta berriztarrek euren ekarpenak egiteko aukera edukiko dute. Domeka honetan VII. Kulturarteko Topaketak izango dituzte bertan.

 

"Berrizen bizi diren kulturen arteko hartuemana sustatu eta topagunerako guneak sortzea". Asteburu honetan zazpigarren aldiz antolatuko dute kulturarteko topaketa Berrizen, eta bertako alkate Orland Isoirdek horrela laburtu du jaiaren helburua. Azken urteetan legez, musika, tailerrak, eta gastronomia dastaketak izango dituzte domeka honetan, eskolan egingo duten jaialdian.

 

Aurtengoan, jaialdiaren aurretik Euskadiko Inmigraziorako Itun soziala edukiko dute eztabaidagai bihar, ekainak 20, 18:30ean hasita, udaletxean. Txosten horren azalpena egingo dute Xabier Aierdi soziologoak, Eusko Jaurlaritzako inmigrazio saileko kide batek eta Innobasque agentziako kide batek. Azalpena entzun eta gero eztabaidarako taldeak egitea da asmoa, herritarren ekarpenak batu eta txostenera gehitzeko.

 

Arrakasta gorantz

12:00etan hasiko dira domekan ekitaldiak, Henna eta txirikorda tailerrekin. 12:30etik aurrera Batu musika taldeak folkore ikuskizuna eskainiko du. Hainbat herritako gastronomia dastatzeko aukera ere egongo da, urtero legez. Aurten parte hartuko duten herriak Errumania, Maroko, Sahara, Txile, Senegal eta Euskal Herria izango dira. Ondoren, herri bazkaria edukiko dute, eta 16:00etan dantza eta musikaren bidezko topaketa kulturala hasiko da.

 

Maria Jesus Garcia Gizarte Ongizate teknikariak adierazi duenez kulturarteko topaketen parte hartzea urtez urte asko hazi da: "Hasierako urteetan 60-70 pertsona egoten ziren herri bazkarian, eta iaz 200 inguru gerturatu ziren". Kulturetako jakiak probatu eta gero marmitakoa jateko elkarrekin jasartzeko ohitura hartu dute jaiaren barruan, "elkarbanatzeko momentu bat edukitzeko".

 

Jaia Osasun, Ongizate Sozial, Kooperazio, Berdintasun eta Inmigrazioko Udal Kontseiluak antolatzen du. Kontseilu horretan politikariez gainera, hainbat kulturatako herritarrek parte hartzen dute.

 

Inmigrazio datuak

Momentu honetan, Berrizko biztanleen artean % 7,08 da kanpotik etorritakoa, Orlan Isoird alkatea jakitera eman duenez. EAEko batazbestekoa % 6,09koa dela azaldu du. Atzerritarren jaioterriari dagokionez, % 28 marokkoarrak dira, % 23 errumaniarrak, % 11 hego amerikarrak eta % 10 senegaldarrak. Gainontzekoan Europako beste herrialde batzutakoak direla aipatu du Isoirdek. Udal kontseiluan etorkinek duten parte hartzea nabarmendu du alkateak: "Eurek ere herritarrak dira eta helburua guztien artean integrazioa lantzea da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!