Berrizko Udalak promozio publikoko hiru etxebizitza ipini ditu salgai

Anboto 2012ko eka. 13a, 09:38

Margarita Maturana etorbidean eskuratutako etxebizitza tasatuetatik hiru salgai ipintzea erabaki du udalak. Herrian etxebizitza eskaera zenbatekoa den jakin gura dutela azaldu du alkateak

Margarita Maturana etorbidean eskuratutako etxebizitza tasatuetatik hiru salgai ipintzea erabaki du udalak. Herrian etxebizitza eskaera zenbatekoa den jakin gura dutela azaldu du alkateak.

 

Berriz SUSA Hirigintzako Sozietatearen bitartez egingo da salmenta. 2002an eraikitako promozio publikoko etxeak dira Margarita Maturanakoak, eta salmentarako orduko prezioari urteotako KPI eta %1 gehituko zaiola azaldu du Orlan Isoird alkateak. Etxebizitza batek logela bat dauka, besteak bi, eta hirugarrenak hiru. Etxeak saltzen ipinita, herrian dagoen eskaria ezagutu gura dute, aurrerago, "irailean edo urrian" beste etxebizitzaren bat salgai ipintzeko.

 

Margarita Maturana etorbidean herritarrek utzitako sei etxebizitza erosi ditu udalak. Isoirdek azaldu duenez, "jabeek etxebizitzak salmentan jarri gura badituzte SUSAren bidez egitea adostu zen pasa den legegintzaldian". Horrela, "etxeak promozio publikokoak izaten jarraitzea eta espekulazioak ekiditea" lortu gura dela adierazi du. Momentu honetan, sei etxebizitza horiek erosita dauzka udalak, eta beste bat jabeak SUSAren bidez salduko luke.

 

Eskaintzaren pleguak dagoeneko udalaren webgunean publikatu dituzte. Astelehenean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zituzten oinarriak, eta hamabost egunetako epea egongo da eskakizunak betetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!