41 lagunen datu sekretuak argitu ditzaten eskatu dute

Anboto 2012ko mai. 25a, 10:00

Alderdien Legea dela-eta onartutako mozioa betetzeko exijitu diote Orland Isoird alkateari

Alderdien Legea dela-eta onartutako mozioa betetzeko exijitu diote Orland Isoird alkateari.

Ezker Abertzalearen hautagai izandakoek eta Bilduren ordezkariek eskaera zehatza egin diote Orlan Isoird alkateari. Iazko maiatzeko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioa bete dezala exijitu diote. Hau zioen mozioak: “Eskubideak urratuta dituzten susmoa duten herritarrei, hala eskatuz gero, euren egoeraren berri jakiteko tramiteak burutzea”.

 

Alkateak idatzian jasotako 10 puntuak garatzeko konpromezua hartu duela ere jakin eragin dute Ezker Abertzalearen hautagai izandakoek eta Bilduren ordezkariek. Era berean, euron egoerari buruzko informazioa eskatu nahi duten herritarrentzako eskari-orriak udaletxeko idazkaritzan eta udalaren webgunean ipiniko dituztela eskuragarri azaldu die alkateak. 

  

41 lagunek egin dute euren inguruko datuak argitzeko eskaera. Ezker Abertzaleko kideek ofizialki aurkeztu dituzte. Kezka azaldu du eskatzaile bakoitzak:  “Hauteskundeetan libre  parte hartzeko eskubidea mugatua ote daukadan zalantza daukat, ezagutzen ez ditudan datu sekretu batzuk nire eskubide horren kontra egon daitezkeelako”. Hiru ekintza eskatu dizkiote idatziz Isoird jeltzaleari: izaera ideologikoa duten eurei buruzko datuak jakinaraztea, iazko mozioan hartutako konpromisoa praktikan ipintzea eta Espainiako gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari azalpenak exijitzea.

 

Iazko mozioaren zergatia

Alderdien Legearen ondorioz, Berrizen 80 lagun hauteskundeetara aurkeztu ezinik zeudela ondorioztatu zuten Ezker Abertzaleko zinegotziek. Aurretik Ezker Abertzaleko  apoderatu edo hautagai izandakoek ezin dutela hauteskundeetara aurkeztu kritikatu zuten. Baina, sasoi hartan baldintza berriak agertu zirela ohartarazi zuten mozioaren aurkezleek. Adibideak bota zituzten: polizia kontrol batean identifikatzea edota preso politiko bat bisitatzea. Baldintza berriekin, ez zekiten seguru zenbat pertsona zeuden egoera horretan. 

 

Irailean batzarra

Irailean batzarra egingo dute berrir Ezker Abertzaleko ordezkariek eta Orland Isoird alkarteak. Hori adostu dute bi aldeek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!