Ikerketa toponimikoa onartu du udalbatzarrak, eta herritarrei azalduko diete auzo-batzarretan.
Amaitu dute leku-izenen azterketa Berrizen. Udalbatzarrak behin-behinean onartu du, eta datozen hogei egunetan azalpen nahiz alegazioetarako tartea zabalduko dute. Auzo-batzarrak egingo dituzte, eta udaletxeko harrera-gelan auzuneetako mapak ipiniko dituzte ikusgai, baserri eta eremuen izenekin.
2008an hasi zuten ikerketa toponimikoa. Beka baten bidez, behargin bik egin dute gaur arteko lana. Lehenengo, artxiboetan egin zituzten kontsultak. Auzoetara hurreratu eta ahozko bilketa burutu zuten gero. Jasotako informazioa fitxa berezituetan landu zuten eta azkenik mapetan kokatu zituzten leku-izenak. Prozesua Euskaltzaindiak jarraitu du.
Orlan Isoird alkateak ikerketaren garrantziaz egin du berba. “Leku-izen edo toponimoak herriko ondare dira”. Egungo izenak aztertu eta beharrezko balitz aldatzea izan dute helburu. Baina eraikin berriek ere izenak behar dituztela-eta, horientzako irizpideak ere ezarri gura izan dituzte.
Norabideak ere argitu
Ikerketa behin betiko onartzean, auzoetako sarreretan panel informatiboak ipiniko dituzte. Bertan, baserrien izenak eta zenbakiak kokatuko dituzte. Panelen bidez, gainera, norabideak ere argituko dituzte. Diotenez, anbulantziek edo suhiltzaileek orientatzeko arazoak eduki dituzte sarritan.
Bestalde, mapa toponimikoaren 5.000 eskuorri banatuko dituzte herrian, Isoirdek azaldu duenez.