Berrizko gazteek udako aisialdia betetzeko eskaintza berri bat edukiko dute aurten: Antzerki Udalekuak. Uztailaren 16tik 27ra bitartean egingo dituzte. Dagoeneko badago izena emateko aukera Gaztelekuan, 60 euroren truke. Ekainaren 3an itxiko dute epea.
Pagotxa kultur elkartea, Txintxaun kolektiboa eta Karrika antzerki taldea dabiltza udaleku hauek antolatzen; udalaren laguntza ere badute. Pagotxak Gaztelekuaren kudeaketa daroa, eta hango gazteen interesa kontuan hartuta bultzatu dute egitasmoa. Izan ere, gazteek antzerki talde bat sortu dute.
Herriko gazteak antzerki munduan hasteko modu bat izango da. Antzerkiagaz lotutako jolasak egingo dituzte, esaterako. Eszenografia, argiztapena eta soinua ere landuko dituztela azaldu dute arduradunek.