Iturriza omenduko dute, historia batzen egin zuen lanagatik

Anboto 2012ko api. 26a, 09:05

Hil zeneko 200. urtemuga da aurten, eta udalak eta Gerediagak ekitaldia eratu dute domekarako

Hil zeneko 200. urtemuga da aurten, eta udalak eta Gerediagak ekitaldia eratu dute domekarako.

 

Juan Ramon Iturrizari omenaldia egingo diote domekan, historialari lanean egindako bidea gogoratzeko. Aurten 200 urte dira hil zela, eta bere jaioteguna aukeratu dute ekitaldirako. 12:00etan, Gernikako Arbolaren adaxka bat landatuko dute udaletxeko lorategian, eta 12:30ean ekitaldi nagusia egingo dute batzar aretoan.

 

XVIII. mendeko historialari “interesgarrienetakoa” izan zen, Orlan Isoird alkatearen berbetan. Bizkaiko historia jaso zuen, eta bere dokumentazioa erreferentzia da egungo ikerlarientzat.

 

Iturrizari buruzko liburuxka idatzi du Gerediagako Jon Irazabalek: “Pertsona polifazetikoa zen”. 1741eko apirilaren 29an jaio zen Berrizen; 1812ko irailaren 10ean hil zen Munitibarren. Gaztetan hasi zen idazten, aitak –maisua zen– erakutsita. Hamasei urtegaz Mexikora joan eta osabagaz okin ibili zen.

 

Gerora, bueltatu eta fedeari lotuta erromesaldi asko egin zituen. Maisu ere izan zen Berrizen. “1779tik aurrera  paper eta artxibo artean” egin zuen bizitza, Irazabalek dioenez. Baserrien izenak, Ziortzako planoak... “Berari eskerrak dakigu sasoi hartan nesken soka-dantza egiten zela”.

 

Herritarrek Juan Ramon Iturrizaren bizitzaz eta beharraz gehiago jakiteko aukera edukiko dute, datorren astean ipiniko duten erakusketagaz, udaletxeko harrera-gelan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!