Bihar eta etzi berbaldiak zein ikusentzunezkoak egongo dira. Duela 30 urte herrian sortutako mugimendua berreskuratzea dute helburu.
"Premia gehien daukaten herrialdeekiko elkartasuna" sustatu gura dute Berrizen. Orland Isoird alkatearen berbetan, "herritarrak sentsibilizatzea" dute helburu bihar eta etziko ekitaldiekin. Horrez gainera, "krisi sasoian elkartasuna, laguntza eta kooperazioa lako baloreak" bultzatzeari garrantzia ematen diote.
Ainhoa Larrañaga Gizarte Garapeneko zinegotziak azaldu du 53.998 euro, 2012rako aurrekontu orokorraren %1, bideratuko dutela kooperaziora. "Historikoki" herrian landu den gaia dela dio Larrañagak, duela 30 urte martxan ipinitako Gizarte Ongizateko kontseiluan beharrean hasi zirenetik. Jardunaldi hauek egiteari utzi zioten Berrizen, eta aurten berreskuratzea erabaki dute.
Bihar, apirilak 24, mahai-ingurua egingo dute Kultur Etxean, 19:00etan. Udaleko ordezkaritzak, Rosa Mari Ostogainek eta Jose Chavezek hartuko dute parte. Ondoren, ACNUR elkarteko Jose Ignacio Alonsok berbaldia eskainiko du Afrikako egoeraz eta udal kooperazioaz. Etzi, ordu eta leku berean, Euskal Fondo erakundeko Juanma Balerdik hartuko du hitza El Salvadorreko Bake Akordioen gainean. Segidan Sin nombre pelikula proiektatuko dute. Bestalde, zapatura arte Gervasio Sanchezen Desagertuak erakusketa izango da ikusgai Kultur Etxean.