Lau biribilgune berri N-634an, bat Olakuetako bidegurutzean

Anboto 2012ko mar. 2a, 08:29

Trafikoa berrantolatzeko obrak hasita daude; 2013ra arte iraungo dute

Trafikoa berrantolatzeko obrak hasita daude; 2013ra arte iraungo dute.

 

Bizkaiko Foru Adundiak N-634 errepidean lau biribilgune berri egingo ditu Abadiñotik Berrizerako bidean. Errepide horretako trafikoa lasaitzea du helburu egitasmoak, eta baita Eituako industrialderako sarbideak berrantolatzea ere; 2011ko abenduan ekin zioten lanari, eta 2013ko apirilean amaitzea aurreikusi dute, azaldu digutenez. 2.852.530 euroko aurrekontua dauka proiektuak.

 

Lehenengo biribilgunea Felipe Amezua hiltegia izandakoaren  eta Mafisa enpresaren parean kokatuko dute. Beharrezkoa izango ei da hiltegiaren eraikina botatzea, aldundiko dioenez. Bigarren biribilgunea gasolindegiaren zonaldean eraikiko dute, eta hirugarrena 300 metro aurrerago dagoen bihurgunean; “istripu gehien gertatzen diren lekuan”, jakin eragin dutenez.

 

Olakueta auzoan ezarriko dute laugarren biribilgunea. Hain zuzen ere, egungo biribilgune zatitua osoa izango da lanak gauzatu odnoren. N-634 errepideaz gainera, herriguneko eta Miotarako bideei eragingo die.

 

Sarbideak

Eituako industrialdeko sarbide eta irteerak era argiagoan zehaztuko dituzte, eta “posible den heinean murriztu ere bai”, aldundiko arduradunek diotenez. Ibilgailuek ezkerrera biratzea saihesteko babesguneak egokituko dituzte, eta sartzeko lursail zabala duten eremu batzuetan hormigoizko hesiak eta espaloiak altxatuko dituzte. Gainera, bazterbide zabaleko guneak bi metrora murriztuko dituzte, bertan aparkatzea ekiditeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!