Kirolaren bidez ere bultzatu gura dute parekidetasuna

Anboto 2012ko ots. 29a, 09:15
Añeketan ekimenaren hirugarren edizioaz gainera, spinning saio zabala egingo dute kirolean emakumeen parte-hartzea sustatzeko asmoz

Añeketan ekimenaren hirugarren edizioaz gainera, spinning saio zabala egingo dute kirolean emakumeen parte-hartzea sustatzeko asmoz.

 

Parekidetasunaren bidean, har dezagun testigua leloa ipini diote Berrizen Martxoaren 8aren bueltako egitarauari. Emakumeen eskubideak eta hauen parte-hartzea aldarrikatu gura dituzte, baita kirolean ere. “Emakumeen aldeko aurrerapauso sozial ugari eman dira arlo guztietan, kirolean ere bai, baina emakumeen eta gizonen artean ustez berdintasuna izan arren, oraindik benetako berdintasuna eskuratzeko oztopoak dauzkagu”, azaldu du Orlan Isoird alkateak Berdintasun teknikariagaz eta Emakumeen taldeko ordezkariagaz emandako prentsaurrekoan.

 

Ekitaldi garrantzitsuenetako bat Añeketan herri-lasterketa izango da. Hirugarren urtez jarraian irtengo dute herriko emakumeek korrika egiten; aurten martxoaren 10erako ipini dute hitzordua. Eguerdiko 12:00etan elkartuko dira futbol zelaian, zenbakiak banatu eta txapliguaren ondoren arineketan hasteko. Ibilbidea etapa laburretan bananduta egongo da, eta bakoitza udalerriko elkarte edo talde bateko emakume batek ordezkatuko du. Hori dela-eta, antolatzaileek, erakunde bakoitzeko emakume baten parte-hartzea eskatu dute, etapetako lekukoa eramateko. Aurreko urteetan arrakasta lortu izan du lasterketak.

 

Spinningean ere bai

Txirrindularitzarekiko afizioa herrian handia dela-eta, spinningean jardungo dute martxoaren 9an, 19:00etan, Olakueta plazan. Kiroldegian herritar askok parte hartzen du kirol honetako saioetan, eta kalera atera gura dute emakumeen parte hartzea bultzatzeko helburuz, azaldu dutenez. Doan izango da izen-ematea, udaletxean.


Kirolagaz jarraituz, martxoaren 10ean Ginkana eratuko dute hainbat elkartek, Amaraune eskalada taldeak eta Hiltegixe gaztetxeak, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!