Joan zen astean erretako baserriko familia zazpigarren egunean sartu da etxebizitzan. Eurekin egon eta egin beharrekoa adostu dutela dio EAJk.
Atzo sartu zen joan zen astean erretako baserriko familia larrialdietarako etxebizitzan. Bilduk eman du argitara gertaera udalbatzarrean, eta etxe hori prest ez egotea ezin dela berriro jazo adierazi du. Koalizioko Xabier zalduak, "berriro ez gertatzeko konpromisoa" eskatu du korporazio osoari zuzenduta. Roland Isoird alkateak adierazi du, ez dela "jarrera ona" komunikabideen aurrean halakoak botatzea, aurrez ekarpenik egin barik.
Etxebizitzak altzariak falta zituen gertu egoteko. Aurreko legealdi amaieratik datorren kontua ei da, Isoird jeltzalearen esanetan. Dena dela, azaldu du familiagaz segituan egon zirela, eta Gizarte zerbitzuetako teknikariagaz batuta, honek lehen egunak senitartekoen etxean ematea aholkatu ziela. Zalduak esan du eurek ere egon direla familiagaz, eta eurei emandako iritzia bestelakoa dela. Aitzakia deritzo EAJk azaldutakoari, "familiak beste aukerarik ez zeukalako, etxean altzariak falta ziren-eta".
Bestalde, arauaren arabera, zerbitzu hori erabiltzen duen familiak 300 euroko alokairua ordaindu behar du. Zalduak dio hori aldatu beharko litzatekeela, kasu batzuetan, aurreko etxea ere ordaindu beharko dutelako familiek. Jeltzaleek iragarri dute familia honi ez zaiola kobratuko lehen hilabete hau, eta halako gaiak batzordeetan landu behar direla azpimarratu du berriro Isoirdek.