Batxilergoan zein LHn euskaraz ikastea sustatuz

Anboto 2012ko ots. 14a, 08:20

Udalak Nahi dudalako kanpaina lantzen dihardu, DBHko ikasleei euskaraz ikasteko aukera dutela informatzeko

Udalak Nahi dudalako kanpaina lantzen dihardu, DBHko ikasleei euskaraz ikasteko aukera dutela informatzeko.

 

Berrizko Udalak DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei begirako kanpaina ipini du martxan, ziklo hori amaituta, hurrengo ikasketak ere -Batxilergoa eta Lanbide Heziketa- euskaraz jarraitzeko aukera dutela azaltzeko helburuz. "Gazteek euren etxetik gertu dauden ikastetxeetan gustuko ikasketak euskaraz egiteko aukera ugari dute", diote antolatzaileek, eta www.nahidudalako.com webgunea zabaldu dute interesdunentzat.

 

Webaren bidez, gainera, gazteen parte-hartzea bilatu gura dute, euren iritzi eta iradokizunak jasotzeko. Lehiaketa eratu dute, tablet formatuko gailuak zein multiabenturako egunpasak dira, besteak beste, sariak.

 

Gaztezulo

Adin horretako gazteentzako ere, Gaztezulo aldizkaria banatuko dute doan datozen bost hilabeteetan. Udalak, hirugarren urtez akordioa sinatu du Gaztezulogaz, "gazteen artean euskaraz irakurtzea bultzatu asmoz". Maiatzean aldizkariko arduradunak gazteekin eta hauen gurasoekin hartu-emanetan ipiniko dira, euren iritzia jaso eta urte osoko harpidetza eskaintzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!