Eguenean ipini dute berbaldirako zita, Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30ean hasita.
Oka kultur elkarteak eratuta, elikadura burujabetzaren gaineko berbaldia burutuko dute, datorren eguenean, Kultur Etxean. Erralde hiltegiko juntakide Jabier Azpitarte, EHNE sindikatuko Unai Aranguren eta Igor Mendiolagarai baserritar gaztea mintzatuko dira.
Gaur egungo ideia berri batzuk ere mahaigaineratuko dituzte; hala nola, slow food edo kontsumitzaileen taldeak. Antolatzaileek diotenez, elikadura burujabetzaren filosofiagaz “merkatu-sistema justuagoa” eraikitzen da. “Guk aukeratzean zer jaten dugun, guk erabakitzen dugu zelan izan behar duen ekoiztua: zer gauden prest onartzeko eta zer ez. Eta guk gastatutakoak nori egiten dion mesede erabakitzen dugu. Horrela zaintzen dugu lehenengo sektorea, etorkizunean ere hala izan dadin”, azpimarratu dute. Bestalde, “elikagai hauek produzitzeko sistema naturalak erabiltzen dira, eta, garraioan aurreztuz, gure lurra ere errespetuz tratatzen dugu”, gaineratu dute.