Arrakasta izan dute Nekazal Olinpiadek

Anboto 2012ko urt. 19a, 09:38

400 lagunen bueltan batu ziren martitzenean Olakueta frontoian, jokoak ikusteko

400 lagunen bueltan batu ziren martitzenean Olakueta frontoian, jokoak ikusteko

 

Donien atxa astelehenean kenduko dute Olakuetan, eta afaria ere egingo dute jaiak ondo agurtzeko. Barikutik astelehenera bitartean, aldiz, LVI. Idi-proben txapelketa ere garatuko da. Edozelan ere, egitarauko ekintza gehienak bete dituzte berriztarrek. Asteburuan kirola, gastronomia eta musika izan dituzte, besteak beste, gozagarri.

 

Martitzenean, San Antonio egunez, Nekazal Olinpiadak egin zituzten frontoian. Iaz berreskuratu zituzten antolatzaileek joko hauek, eta aurten arrakasta lortu dute 400 lagun batuz. Bost laguneko bost taldek parte hartu zuten honako probetan: txokor-batzea, hiruko lasterketa, begiak estalita laguna karretilan eramatea, txapel jaurtiketa eta 25 kiloko zakua eramatea. Zekorrak taldea izan zen garaile, 300 euroko saria poltsikoratuz. Bigarrena Bostak izan zen, 200 euro jasoz. Merinas taldeari 100 euro eman zizkioten hirugarren izatearren, eta Txurras eta Sateliteak geratu ziren laugarren eta bostgarren, hurrenez hurren.

 

Giro onean burutu zituzten olinpiada bereziak. "Uste genuena baino jende gehiago etorri da. Parte harte duten koadrilen eta frogak ikustera etorri diren auzotarren artean giro paregabea sortu da”, azaldu zuen herriko alkate Roland Isoirdek.

 

 \"Irabazleak\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!