Berrizko Ziklokros Sari Nagusia eta Mendi Bizikleta Ibilaldia aurkeztu dituzte

Anboto 2012ko urt. 3a, 12:43

Urtarrilaren 14an jokatuko duten Berrizko Ziklokros Sari Nagusia aurkeztu dute gaur goizean udaletxeko aretoan. Ekitaldian Orland Isoird Berrizko alkateak, Iñaki Etxezarraga eta Alex Duran Berriz bizikletari Elkarteko kideek eta Agus Ruiz Bizkaiko Federazioko presidenteak parte hartu dute. Urtarrilaren 15ean Mendi Bizikleta Ibilaldia antolatuko dute.

Urtarrilaren 14an jokatuko duten Berrizko Ziklokros Sari Nagusia aurkeztu dute gaur goizean udaletxeko aretoan. Ekitaldian Orland Isoird Berrizko alkateak, Iñaki Etxezarraga eta Alex Duran Berriz bizikletari Elkarteko kideek eta Agus Ruiz Bizkaiko Federazioko presidenteak parte hartu dute. Urtarrilaren 15ean Mendi Bizikleta Ibilaldia antolatuko dute.

 

Jaietako egitarauaren barruan antolatuko dituzte Berrizen txirrindularitza proba eta baita mendi bizikleta ibilaldia ere. Orland Isoird alkateak azaldu duenez txirrindularitza herrian oso errotuta dagoen kirola da eta horregatik babestu dituzte ekitaldiok. Iñaki Etxezarraga Berrizko Bizikletarien Elkarteko kidearen berbetan, 1991 urtean azkenengoz antolatu zuten proba eta iaz berreskuratzea erabaki zuten. Berrizko Ziklokros Sari Nagusiak  oso emaitza ona izan zuela azaldu du. Ibilbideari dagokionean antolatzaileen esanetan aldaketak egin dituzte aurten. "Zailtasun gehieneko puntuak kendu egin ditugu eta helmuga belodromoan beharrean futbol zelaiaren ondoan jarriko dugu", gaineratu du. Ibilbideak 2,5 km. izango ditu. Iremiñe eta futbol zelai ondoan atonduko dute zirkuitoa. Kadete, junior, elite, 23 urtetik beherako eta master mailakoek parte hartuko dute. Kadete eta junior mailakoei bultzada ematea da antolatzaileen asmoa.  Asteburu horretan Ziklokroseko Munduko Kopako azken proba jokatuko den arren, Berrizen 200 txirrindularik parte hartzea itxaroten dute.

 

 

Agus Ruiz Bizkaiko Federazioko presidenteak azaldu duenez, Berrizen egin duten moduan sasoi hauetan lasterketa bat berreskuratzea ez da erraza. Bizkaia mailan diharduten goi mailako txirrindulariak ere gogora ekarri ditu, Egoitz Murgoitio, Aketza Peña, Aitor Hernandez eta emakumezkoetan Nahia Alzola durangarra.

 

Mendi Bizikleta Ibilaldia

 

Urtarrilaren 15ean Berriz Bizikletari Elkarteak Mendi Bizikleta Ibilaldia antolatuko du. Alex Duran elkateko kideak azaldu duenez Iñaki Lejarretagaz batera diseinatu dute ibilbidea. Oiz mendiaren inguruan hiru ibilbide prestatu dituzte bakoitza luzera jakin batekoa. 23km., 29 km. eta 35 km. izango dituzte. Izena ematea doakoa da. Irteerarako hitzordua 10:00etan jarri dute geltoki ondoan. Parte-hartzaileendako parkinga Eitua poligonoan ipiniko dute. "Iaz espero baino jende gehiago etorri zen eta 600 parte-hartzaile batu genituen", azaldu du Duranek. Egun horretan jaietako egitaraua borobiltzeko baserritarren eta artisauen azoka, bildots jana eta dantzarien saioa antolatuko dituzte.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!