Musika Etxea 2012 hasieran martxan egotea itxaroten dute

Anboto 2011ko abe. 16a, 08:42

Eraikinaren obra amaituta, udala eta musika taldeen arteko hitzarmena lantzea falta da orain.

Eraikinaren obra amaituta, udala eta musika taldeen arteko hitzarmena lantzea falta da orain.

 

Musika Etxeko lanak, praktikan, amaituta daude dagoeneko, eta 2012 urte hasieran zabalik egotea da Berrizko Udalaren asmoa, Roland Isoird alkateak adierazi digunez. “Data zehatzik ezin dugu eman, baina baliteke urtarrilerako prest egotea” dio alkateak. Udalak eta musika taldeen elkarteak hitzarmena adostu beharko dutela dio alkateak, Musika Etxearen funtzionamenduari eta erabilerari begira.

 

Udala hitzarmen hori lantzen dabil, eta musika taldeetako kideak elkartea eratzeko azkeneko urratsetan dabiltza, Isoirden esanetan. Beraz, alde biak elkartzen direnean, “hitzarmena aztertu eta proposamenak egitea” dute helburu. Hori lotu eta sinatu ondoren ipiniko lukete martxan musika azpiegitura berria, alkateak azaldu duenaren arabera.

 \"\"

Iritzia jasota

Musika Etxearen proiektua musikarien iritzia jasota egituratu zuten, duela urte biren bueltan. Entseatzeko lau gela eta tresnak gordetzeko kutxatilategiak egokitu dituzte Iturrizako eraikinean. Intsonorizazioa ere lortu gura izan dute diseinuan. 332.000 euroko aurrekontua bideratu dute egitasmoa egikaritzeko.

 

Diru-laguntzaren zain

Hasiera batean, gaur egun amaituta dagoen proiektua udaleko diruagaz aurrera ateratzea zehaztu zuten 2011rako udal aurrekontuetan. Orain, baina, diru-laguntza bat eskatzeko aukera izan dute, eta erantzunaren zain daude udal arduradunak. Alkateak dioenez, ez da ziurra diru-laguntza jasotzea, baina horrela balitz egitasmoaren kostu osoaren portzentaia handi bat kubrituko luke: “%70ekoa, beharbada”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!