Auzo-taxia ipiniko du udalak, aurrekontuetan zehaztu legez

Anboto 2011ko abe. 1a, 13:11

Datorren urterako aurrekontu orokorra onartu du udalbaztarrak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoagaz. Bilduk ez du babestu.

Datorren urterako aurrekontu orokorra onartu du udalbaztarrak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoagaz. Bilduk ez du babestu.

 

Berrizko Udalak 5.417.433 euroko aurrekontua izango du 2012an, EAJren proposamena bost zinegotzi jeltzaleek eta PSE-EEkoak onartuta. Bilduko lau zinegotzik kontra bozkatu dute eta bat abstenitu, Puri Perez, hain zuzen. Iaz baino 78.097 euro gutxiagoko aurrekontua da; murrizketaren arrazoia udalkutxari dirua bueltatu beharra da, Roland Isoird alkatearen arabera. Inbertsioetan sartzen diren proiekuen artean, auzo-taxi zerbitzua nabarmendu daiteke. 20.000 euro bideratuko dituzte lehenik lizentziak ateratzeko prozesua -Berrizen ez dago taxi lizentziarik- eta gero zerbitzuaren kontratazioa kubritzeko. Iurretan ezarritako eredua dute oinarritzat, eta Berrizen taxi bi egokituko dituzte. 2012ko lehen hiruhilekoan martxan ipini gura dute zerbitzua.

 

Beste inbertsio batzuen artean, ondarea berreskuratzeko egitasmoetarako 10.000 euro aurreikusi dituzte, lan sustapenerako 13.000, eta weba berritzeko beste 10.000. Ikastetxeekin bideratu daitezkeen dinamiketarako 4.000 euro erabiliko dituzte -ideia berria da honakoa-. Berriz SUSAren bidez 21 etxebizitza kudeatuko ditu udalak alokairu sozialean, eta 113.00 euro inguru bideratuko dituzte horretara. Honakoa "apustu garrantzitsua" da, Isoirden esanetan. Bilduk sozietate publikoaren funtzioaren inguruko kritika egin zuen, aurreko urteetan ezker abertzaleak egin moduan.

 

Alorrei dagokienez, kulturak eta euskarak murrizketa jasango dute. Bilduk kritikatu du alor bi horietan murriztea eta kirolean, adibidez, ez gertatzea. Alkateak esan du jarrera hori demagogikoa dela, murrizketak aurtengo exekuzio-egeoraren arabera egingo dituztelako; hau da, aurtengo aurrekontuetarako aurreikusita zegoena eta orain arte gastatu denagaz urte osoko estrapolazioa egin dute.

 

Bestalde, udalak erremanentea edukitzea ere aurreikusten du. Otsailean, likidazioa egitean, agertuko litzateke diru-kopuru hori. Horregatik, orain onartutakoaz gainera, gero alor batzuek gehigarriak jasoko lituzteke, auzobideen atalak, esaterako. Bilduk salatu du 2011n 1,8 milioi euroko erremaneneta egon dela, eta hori gertatzeak "zerbait ondo egiten ez" denaren seinale dela. Oraingo aurrekontuetan aurreikuspen "zehatzagoa" egin beharko litzatekeela azaldu du Xabier Zalduak, eta "ez gero urtean zehar partidetara gehitzen joatea". Horretaz gainera, aurrekontuak era parte-hartzailean eztabaidatu eta garatu beharko litzatekeela azpimarratu du, herritarrekin batzarrak eginez. Isoirdek erantzun du partaidetza hainbat eratara sustatu daitekeela, eta eurek ere jaso dutela hainbat herritar, auzotar zein elkarteren iritzia. Bilduk salatu du ez dutela astirik eduki aurrekontuak ondo aztertzeko.

 

EAJ eta Bilduren artean tentsioa igarri da udalbatzarrean. Sarritan eztabaidagai izan diren kargudunen dietak eta alkatearen liberazioa berriro irten dira mahaigainera. Alkatea batzorde guztien buru izatea ere kritikatu du Bilduk. Konfidantza falta dagoela adierazi du Isoirdek, eta Bilduri bota dio horren ardura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!