Ekitaldi sorta eratu dute Euskararen Egunaren bueltan

Anboto 2011ko abe. 1a, 08:13

Gu Gira kantaldia ekarriko dute Berrizera abenduaren 3an, 20:00etan, pilotalekuan

Gu Gira kantaldia ekarriko dute Berrizera abenduaren 3an, 20:00etan, pilotalekuan.

 

Abenduaren 3a Euskararen Eguna izango da, eta Berrizko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu hurrengo astebururako. Bertsolaritza, irakurketa eta musika izango dira egitarauaren ardatzak.

 

Bariku iluntzean, 19:30ean, garatuko da lehenengo ekitaldia. Kantu-poteoan irtengo dute Pedro Juan tabernatik, Taberna Ibiltaria taldea lagun dutela. Bi ordu igarota, bertso afarira joango dira; Miren Amuriza berriztarra eta Amets Arzallus hendaiarra izango dira otorduaren ondoren bertsotan jardungo dutenak. Ganeketxen salgai daude txartelak, antolatzaileek azaldu dutenez.

 \"\"

Zapatuan euskarazko bigarren eskuko liburu eta disko azoka egingo dute, goizean eta arratsaldean. Bertan irakurketa gunea egokituko dute, eta tailerretan parte hartzeko aukera ere eskainiko dute.

 

Lau musikari ezagun

Zapatuko beste hitzordu esanguratsu bat 20:00etan frontoian hasiko den kantaldia izango da. Gu Gira legez ezagutzen den emanaldiaren baitan, Niko Etxartek, Txomin Artolak, Urkok eta Gorka Knorrek abestuko dute, aspaldiko kantak zaleen akordura ekarriz. Bost euro balioko du sarrerak.

 

Euskararen Eguna Diskofestagaz amaituko dute Berrizen, gaueko 22:00etatik aurrera, probalekuan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!