Helena Taberna: "Epaiketa ez zen hain gardena izango amaren borroka barik"

Anboto 2011ko aza. 19a, 10:03

Nagore Laffageren hilketan oinarritzen den dokumentala, Nagore, eskainiko dute Berrizen azaroaren 25ean; Helena Taberna zuzendariagaz egin dugu berba filmari buruz

Nagore Laffageren hilketan oinarritzen den dokumentala, Nagore, eskainiko dute Berrizen azaroaren 25ean; Helena Taberna zuzendariagaz egin dugu berba filmari buruz.

 

Zerk bultzatu zintuen pelikula hau egitera?

Hilketa gertatzean, 2008ko Sanferminetan, hunkitu egin ninduen.  Gero etorri zen mugimendu guztia eta Asun -Nagoreren ama- jarraitu eta moduren batean zinera eramatea hausnartzen hasi nintzen. Asunegaz batu nintzen, eta proiektuan sinestu zuen; atea zabaldu zidan. Jende guztiarentzako zer edo zer egin gura nuen. Batutako materiala artxibatzeko formatu onena dokumentala zela ondorioztatu nuen. Erritmo indartsua eman nion, istorioa ezagutzen zein ezagutzen ez zutenengan interesa pizteko.

Nagoreren ama, Asun, da filmeko protagonista nagusia...

Dokumentalaren haria da. Tragediak heriotzaren ondorengo bizitza markatzen du, eta Nagore hil aurretik zelakoa zen inork ez daki.  Amagaz neska hura deskubritzen joango gara. Ama ez da dokumentaleko haria bakarrik, istorio osoarena baizik; bere borroka barik epaiketa ez zen hain gardena izango, eta ez luke hainbesteko babes herritar zein instituzionala edukiko.

 

 

Zelakoa izan da senideen lekukotzak biltzeko prozesua?

Lehenengo eta behin errespetua sortzen du. Komunikabideak gertaerekin  hain errespetu gutxikoak diren eta ikuskizuna den orok funtzionatzen duen aroan, guztiz kontrakoa egin behar nuela iruditzen zitzaidan. Ikusleak protagonisten samina ezagutzeko aukera dauka, baina beti errespetuz eta eurek esaten dutenetik landuta. Erosotasuna sortu genuen, eta hori emaitzan islatzen da, une oso ederrekin; filmatzean, emozionatu egin nintzen behin baino gehiagotan.

 

 

Ikuslea istorioan barneratzea duzu helburu...

Auzia burutik apartatu behar izan genuen, gogorregia zelako halako deseraikitze bat modu hotzean egiteko. Zinegile naizen aldetik, gertaeraz gainera, zelan kontatu behar zen ere kontuan hartu nuen. Garrantzitsua da ikusleak parte hartzea, eta bere diskurtsoa osatzen joatea; edizio-mahaitik, ikusleak herri-epaimahai horren parte izatera jolastu gura nuen.

Zelako esperientzia izan da zuretzat, zuzendari legez?

Gogorra da halako gai bat lantzea, baina aldi berean pozik eta asebeteta nago. Gainera, abuztutik Nagoreren hiltzaile Jose Diegok kalera irtetzeko baimena dauka, eta une gaitz hauetan familiak fereka legez sentitzen du filma, jende ugari joaten delako ikustera eta epaiketa injustua izan zela erakusten duelako. Bestalde, proiekzioen ondoren hainbat eztabaida ere sortu dira, eta horrek pozten nau, badirudielako ahaztua dugun gauza dela. Uste dut garrantzitsua dela zinea bizitzagaz konektatuta egotea, guztiok arduratzen gaituzten gaiak tratatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!