Euskarazko liburu eta diskoak lortu ahalko dira; azaroan zehar jasoko dituzte dohaintza bidez.
Berrizko Udalak euskarazko bigarren liburu eta disko azoka antolatuko du abenduaren 3an, Euskararen Egunean, hain zuzen ere. Azokarako materiala biltzeko, datozen egunetan udaletxean, Institutuan eta Gaztelekuan entregatu ahal izango dira liburu zein diskoak.
Udalak dohaintza horretan parte hartzeko gonbita egin die herritarrei. Gainera, bigarren eskuko produktu bat eroaten duenak truke-bonoa jasoko du, eta bono horregaz beste bat hartu ahal izango du azoka egunean.
Jasotako materiala erakusgai ipiniko dute abenduaren 3an, eta “prezio sinbolikoa” ezarriko diote; bat, bi edo hiru euroko salneurriak izango dituzte, esate baterako. Azokako parte-hartzaile guztien artean 50 euroko txartel bi zotz egingo dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Txartel horiek euskarazko liburu, jolas eta CDak erosteko erabili beharko dira.
Internet ikastaroa
Bestalde, internet ikastaroak eratu dituzte datozen asteetarako. Azaroaren 21etik abenduaren 2ra internet eta administrazioa lotzen dituen zikloa emango dute, 20 orduko iraupenagaz. Openoffice aplikazioaren berri ere eskainiko dute; astelehenean oinarrizkoa garatuko dute, eta azaroaren 28an aurreratua.