Ezarritako aldaketekin bakarrik, proposamen “sostengarria” dela uste dute ordezkariek.
Berrizko udalbatzak 2012rako ordenantza fiskalak onartu ditu, aho batez. Zerga eta tasa gehienak ez igotzea erabaki dute, EAJk eta Bilduk proposamen bateratua aurkeztu eta gero.
Jarduera ekonomikoen gaineko zerga %2,5 igoko dute, EAJren ekimenez; gainerakoak berdin geratuko dira. Tasetan, zabor bilketak eta kirol zerbitzuetakoek ere %2,5eko igoera izango dute. Roland Isoird alkateak azaldu duenez, lan-hitzarmenaren ondorioz kirol-zerbitzu enpresek %14ko igoera aplikatuko dute, Berrizko Udala tasetan igoera ezartzera behartuz.
Proposamen orokorra argudiatzerakoan, Isoirdek zioen aurreko urteetan “izoztu” arren aurten ezin dela errepikatu. Baina, egoera ekonomikoa aintzat hartuta, aldaketa hauekin bakarrik, proposamen “jasangarria” litzatekeela. Bilduren iritziz, tasetan dezimalak biribilduko dituzte, batez ere, kirolguneetan sarrerak errazteko asmoz.
Amaieran, ordenantza fiskalen zein udaleko gainerako gaien informazioa herritarrei helarazteko bide berriak aztertzeaz egin zuten berba, aurrera begira jorratzeko eztabaidagaia dela ondorioztatuz.