Zerbitzu trukaketara batzeko deialdia egin dute asteon antolatzaileek; 19 kide daude gaur egun.
Berrizko Denboraren Bankua ekimenak ikasturte berriari ekin dio, eta, ezagutzera emateko, sabel-dantza ikastaroa antolatu zuten eguaztenean, Kultur Etxean.
Gaur egun 19 lagunek osatzen dute egitasmoa. Parte-hartzaileek euren denbora eskaintzen diote beharrizana daukan pertsonari, dakienetik laguntzeko. Pastel bat egitea, entxufeak aldatzea, arabiar eta euskarazko klaseak ematea edo erosketak egitea lako zerbitzuak eskaini dituzte, esate baterako, orain arteko trukeetan.
Ikasturte berrian, gainera, antolatzaileek azaldu dute Zabaltzen-Sartu programan parte hartzen duten ikasleek ere zerbitzua eskainiko dutela; iturgintza, elektrizitatea, pintura eta arotzeria, adibidez.