EUDELen ereduaren arabera jasoko dituzte dietak zinegotziek

Anboto 2011ko ira. 20a, 09:54

Bilduk orain arteko kopurua erdira jaistea proposatu du, soberakinekin beka edota lanposturen bat sortzea ahalbidetzeko. EUDEleko ereduaren alde egin dute EAJk eta PSE-EEk

Bilduk orain arteko kopurua erdira jaistea proposatu du, soberakinekin beka edota lanposturen bat sortzea ahalbidetzeko. EUDEleko ereduaren alde egin dute EAJk eta PSE-EEk.

 

Orain arte zinegotzi bakoitzak 688 euro jasotzen zituen, eta alderdi txikienek -ordezkari kopuruan- nabarmen gutxiago irabazten zutela-eta, EUDELek aurreikusitako eredua hartu dute aintzat. Hemendik aurrera, zinegotzi bakoitzak 480,15 euro jasoko ditu hilero, eta 53,35 gehiago batzordeburu baldin bada. Gainera, alderdi politikoak talde modura 320,10 euro batuko ditu hilero, zinegotzi bakoitzarengatik 80,03 gehiagoko ordaina jasoz. EAJk, baina, alkatearena ez luke hartuko, liberazioa daukalako.

 

Bildu ez zen ados azaldu aldaketagaz, eta orain arteko 688 euroen kopurua erdira jaistea proposatu zuen, soberakina inbertituz. Murrizketaren aurka egiteko, PSE-EEko zinegotziak kargudunek lana betetzeko hainbat beharrizan dauzkatela eta, berak, bostena egin behar duela adierazi zuen. Bestalde, "jarrera populista" izatea egotzi zien Bildukoei; hauek, baina, aurreko legealdiko ezker abertzaleko zinegotzien dieten erdiagaz -dohaintzan eman zuten- beka bat sortu dela gogorarazi zuten: "egin, egin daitekela erakusten du horrek", Xabi Zalduaren berbetan. Bakoitzak bere aparteko lanpostua daukala-eta, "hainbeste diru jasotzea" ez dela egokia eta murrizketa "herritarrei zor" dietela adierazi zuen. Orland Isoird alkatearen iritziz ere "populista" da ideia hori, eta "propaganda bezala, etekin politikoak ateratzeko" erabiltzen dutela salatu zuen.

 

EAJren eredua onartu zen, jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoagaz. Bilduko lau kontra azaldu ziren eta, bosgarrena, Puri Perez, abstenitu egin zen. EAko zinegotzi legez iaz murrizketa alboratu zuen Perezek, Bilduren proposamena ere ez zuen babestu; EAJk eta PSE-EEk ezezkoa eman zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!