Alkateak adierazi duenez, Berrizburuko lanak abendurako bideratuta egotea itxaroten dute.
Eguaztenean egindako ohiko udalbatzarrean konpostatze plantaren beharretarako aurrekontua zehaztu zuten. Guztira, 65.637 euroko kopurua aurreikusi dute: 33. 637 udaletik, 24.357 Bizkaiko Foru Aldunditik eta 7.643 aurreko legealdiko Ezker Abertzaleko zinegotzien dohaintzatik. Udaleko zatia, beste egitasmo batzuetako soberakinetatik batu dute, eta aldaketa horiek ematea onartu zuten, aho batez, eguaztenean.
Azalpenak ematean, Orlan Isoird alkateak adierazi zuenez, konpostatze planta Berrizburun kokatu gura dute, eta abendurako gertu izatea itxaroten dute. Dena dela, egitasmo osoa datozen asteetan azalduko diete herritarrei, zerbitzua zelan erabili azalduz, Berriziklatu kanpainagaz.
Enplegua sustatzeko plana
Hondakin organikoa batzeaz eta plantaz arduratzeko behargin bat hartuko du udalak, enplegua sustatzeko planaren baitan. Plan horretan beste funtzio batzuetarako beste zortzi lanpostu aurreikusi zituzten, baina oraindik ez dakitenez Lanbideren diru-laguntzarik edukiko duten, oraingoz lau behargin kontratatuko dituzte; enkofradorea, esaterako.