Frankismoko biktimen izen eta pasarteak jasoko ditu oroigarriak

Anboto 2011ko ira. 7a, 08:21

Udalak eta Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak eratutako omenaldia egingo dute domekan; oroigarri berria inauguratuko dute.

Udalak eta Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak eratutako omenaldia egingo dute domekan; oroigarri berria inauguratuko dute.

 

Orlan Isoird alkateak eta Maite Arrizabalaga Berriz 1936 Gogoratzen elkarteko kideak domekan burutuko den ekitaldiaren aurkezpena egin dute. Azken urteetako omenaldi lanaz gainera, Berriz 1936 Gogoratzen elkartekoek informazio bilketa ugari egin dute, eta oraindik ere gauza asko argitzeko dagoela azaldu du Arrizabalagak.

 

Errepresioa pairatutakoen kopuru zehatza ez daukate esku artean, baina 100 lagun ingururen espediente edo informazioa jaso ahal izan dutela adierazi du. Ikerketak udaletxeko artxiboan, artxibo militarretan eta beste historialari batzuen ekarpenaz osatu dituzte. "Gure helburua, jasotako dokumentazioa herritarren eskura jartzea da", Arrizabalagaren berbetan. Ikerketa hori, senideekin hartu-emana izan arren, kasu batzuetan ez dela erraza izan argitu du: "Fermin Aranguren ezagutu ere ez genuen egiten, eta Gerediagaren bitartez jakin genuen Asturiasko datuetan berriztar bat agertzen zela; mugitzen hasi eta familiagaz kontaktua egin genuen". Bere esanetan, "oroigarrian fusilatuen eta kartzelatuen izenak agertzea eskertuko dute senideek; izen horiek herrian, ikusteko moduan, geratuko dira betirako".

 

Biktimei gorazarrea egiteko arrazoiak azaltzeko denboran atzera begiratu dute biek. 1937ko irailaren 11n Felipe Urtiaga alkatea eta Jose Agirre guardia herritarra -kolpearen ondoren zaintzak egitera deitu zituzten herritarrak- fusilatu zituzten; herriko Defentsa Komitea osatzen zuten biek: janari horniketan, segurtasuna bermatzen, ebakuatuak antolatzen... Gregorio Urkijo herriko foralak ere talde horretarako beharra egin zuen, eta abuztuaren 4an fusilatu zuten. Agustin Milikua kartzelatu egin zuten, eta "gaixorik, egoera penagarrian izan arren ez zuten askatu", 1928ko azaroaren 28an hilik suertatuz. Fermin Aranguren Asturiasen atxilotu zuten, eta  1939ko abuztuaren 10ean fusilatu. Bost herritar hauen heriotzagaz batera, espetxeratutako eta errepresaliatutako hainbat herritar gogora ekartzeko eguna izendatu zuten irailaren 11.

 

Arrizabalagak azaldu duenez, "Berriz gune errepublikazalea zen, eta frontera ere herritar asko joan ziren". Bestalde, udalak Urtiagaren figura nabarmendu du. Felipe Urtiaga Espainiako II. Errepublikan Berrizko herriak hauteskunde demokratikoetan aukeratutako alkatea izan zen. Alkate zela, 1931tik 1936ra,  herriak "hobekuntza handiak" izan ei zituen: "frontoia egin zen, Olakueta plaza berritu, Berrizko auzoetan eskolak eraiki ziren edota ur biltegiak egin eta etxeetara ura eraman, besteak beste", udalaren arabera.

 

"1936ko estatu kolpe faxistari aurre egitearren fusilatutako zein kartzelan hildako berriztar guztiak oroitu eta goretsiko dira domekan", Isoirdek adierazi duenez. Herritarrei ekitaldietara hurreratzeko deia egin die; 11:00etan izango dira inaugurazioa eta ekitaldi nagusia Oroimenaren Bidean, eta 12:15ean Debekatuta dago Oroitzea dokumentala eskainiko dute kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!