Frankismoaren biktimak gogoan, irailaren 11n

Anboto 2011ko ira. 4a, 09:03

Orduko Berrizko alkatea eta guardia fusilatu zituzten 1937ko irailaren 11n

Orduko Berrizko alkatea eta guardia fusilatu zituzten 1937ko irailaren 11n.

 

Aurten ere, urtero legez, Francoren kolpe eta erregimenak hildako berriztarrak omentzeko ekitaldiak eratu dituzte Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak eta udalak. “1936ko estatu kolpe faxistari aurre egitearren fusilatutako zein kartzelan hildako berriztar guztiak oroitzea eta gorestea” dute helburu.

 

Goizeko 11:00etan burutuko dute ekitaldi nagusia Oroimenaren Bidean, udaletxeko parkean. Bertsolariek eta dantzariek parte hartuko dutela iragarri dute, baita lore-eskaintza egingo dutela ere. Aurten bada berrikuntza esanguratsu bat: biktimen omenezko oroitarria inauguratuko dute.

 

Eguerdiko 12:15ean Kultur Etxera hurreratu eta dokumental bategaz jarraituko du egitarauak. Txaber Larreategik eta Josu Martinezek filmatutako Debekatuta dago oroitzea proiektatuko dute bertan. Gainera, ondoren luntxa ere eskainiko dute antolatzaileek.

 

Alkatea fusilatu zutenekoa
Kolpea izan zenean, gobernu demokratikoa defenditu zuen Felipe Urtiaga alkateak. Herriko Defentsa Komiteburu izendatu zuten; Gregorio Urkijok eta Jose Agirrek beragaz egin zuten lan. Frankistak 1937ko apirilaren 25ean sartu ziren herrian, eta 1937ko irailaren 11n fusilatu zituzten Urtiaga alkatea eta Agirre guardia,Derioko kanposantuan. Urkijo leku berean hil zuten; Agustin Milikua eta Fermin Aranguren ere hil zituzten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!