Zapatuan ospatuko da ekimen honen hirugarren edizioa, probalekuan.
Aukera Azokaren hirugarren edizioa ospatuko dute zapatu honetan Berrizen, herriko merkataritzari bultzada emateko asmoz. Berrizko Merkatarien Elkarteak antolatzen du ekimen hau, udalaren laguntzagaz. “Merkataritza eguna” izenez ere ezagutzen da jardunaldi hau.
Goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak azokak, probalekuan. Arratsaldeko 19:00ak arte herriko merkatarien produktuak ezagutu eta erosteko aukera egongo da bertan: arropak, loreak, burdindegiko objektuak, boutiqueko eta optikako produktuak... deneriko eskaintza egingo dute merkatariek.
Guztira, 11 komertziok ipiniko dute salmenta-mahaia: Kimu loradenda, Keiñu optika, Ibai-Ondo burdindegia, Asibar arropa denda, Ana mertzeria, Luisa boutique, Mikos, Pingu, Salkin kirol denda, Txiki-Txiki eta Txaparro denda.
Aurreko bi udatan ere antolatu dute azoka hau Berrizen, eta aurten, gainera, neguan ere egin dute. Herrian jai-giroa sortzea ere helburuen artean dute antolatzaileek.