Jai Batzordeko kideek egitaraua aurkeztu dute udaleko ordezkariekin batera. 60 ekintzatik gora eratu dituzte, ia 70.000 euroko aurrekontuagaz.
Barikuan botako dute pregoia Berrizeko San Pedro eta Santa Isabel jaietan. Auzoko jaiekin hasi eta amaituko dira, gainera, jaiok: ekainaren 24an San Juan eta San Pedro Txiki uztailaren 3an izango baitira.
60 ekitaldi baino gehiago izango dira jaietan, eta herritarren parte-hartzea bultzatu gura izan dute antolatzailee; "jai ahalik eta herrikoienak" sortu gura izan dituzte. Nobedade nagusi bi aurkeztu dituzte: Jose Ramon Korpionen omenez lehenengoz egingo den makailao lehiaketa eta Gaztelekuko kideek estreinatuko duten antzezlana. Bestalde, koadrilen eguneko paella lehiaketa eta bazkarirako 1284 lagunek eman dute izena. Lekua hartzeko goizeko 10:00etan burutuko da zozketa, eta egunean bertan ere apuntatu ahalko dute interesdunek.
Musikan Zea Mays eta Zain aipatu daitezke, eta antzerkian markeliñeren anomalia magnetica ikuskizuna. Zelan ez, ez dira faltako ohiturazko Dantzari-dantza eta erromeriak. Pregoia Gure Izerdia adinekoen elkarteak botako du.