Bikote gazteen hizkuntza ohituretan eraginez, euskararen erabilera aktibatzea dute helburu.
Berrizko Udalak guraso eta bikote gazteei euren seme-alabekin euskara egunerokoan erabili ahal izateko bitarteko, baliabide eta aholkuak emango dizkien tailerrak eta saioak eratuko ditu uda ostean.
Oinarri bat finkatze aldera, hasteko, datozen egunetan erroldatik abiatuz telefono bidezko inkesta egingo diete guraso eta bikote gazteei. Besteak beste, euren seme-alabekiko jardunean euskararen erabileran dauzkaten “gabezia eta beharrizanak” antzematea gura dute.
25-39 urte bitarteko ezkonberriak, ezkongabeak edo haurra izan berri dutenak izan daitezke tailerreko parte-hartzaile.
Euskararen erabilera “guraso modernoaren ereduaren barruan” kokatu gura dute, “haur euskaldun zaharrek eta elebidunen artean aktiboek gora egiteko, kopuruan eta ehunekoetan”. Ohiturak aldatuz, erabilera aktibatzea dute helburu.