Inmigrazioaren inguruko gaietan herritarrak sentsibilizatzea eta hainbat kulturatako pertsonen arteko hartu-emanak sustatzea dira domekako jaialdiaren helburu nagusiak.
Inmigrazio Kontseiluak kultura arteko topaketa errepikatzeko “beharrizana” ikusi du, aurreko urteetan egindakoari jarraituz; aurtengoa seigarren edizioa izango da. “Berrizen hainbat kulturatako pertsonak bizi direla kontuan hartuta, elkar ezagutu eta hartu-emanetan jartzeko gunea izango da topaketa hau”, arduradunen arabera.
Ekimena “berriztar guztiei zabalik dago” eta, besteak beste, hurrengo herrialdeetako berriztarren kultura eta ohiturak emango dira ezagutzera: Errumania, Maroko, Sahara, Txile eta Senegal. Euskal Herriko tradizioek ere edukiko dute lekua.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da jaia Learreta Markina ikastetxean. Dantzak eta tailerrak antolatuko dituzte; tartean, tailer gastronomikoa ere bai. Gero, 14:00etan, bazkariagaz jarraituko dute, eta eguna amaitzeko deneriko musika eskainiko dute, dantzarako aukera emanez.