Herritarrek hainbat kirol mota doan praktikatzeko aukera izango dituzte.
Berrizko Udalak, Bizkaiko beste herri batzuekin batera, kirola sustatzeko eta udalerriko kirol azpiegiturak ezagutzera emateko ekimena antolatu du ekainaren 5erako. Urteroko hitzordu bihurtu da dagoeneko ekimena. Aurreko urteetako datuak aintzat hartuta, 400 lagun inguruk parte hartu izan du ekimenetan, antolatzaileek azaldu dutenez.
Goizetik arratsaldera, makina bat kirol jardueratan doan ibiltzeko aukera edukiko dute herritarrek, eta, gainera, partaide guztiek kamiseta ere eskuratuko dute oroigarri modura. Kiroldegian aerotaebox, batuka, karate body pump eta spinning-a praktikatuko dituzte; Olakuetako frontoian pala, zesta-punta, frontenisa eta esku pilota; Berrizburu futbol zelaian futbol 7 eta penaltiak landuko dituzte, eta Urzabalen skate-a eta eskalada. Futbola 10:00etatik 12:00etara izango da, eta gainerakoak 11:00etatik 13:00etara.
Horretaz gainera, Urbiarako mendi irteera ere eratu dute, goizeko 08:30ean hasita. Bestalde, txirrindularitza gogoko dutenentzako 100 kilometroko bizikleta-martxa aterako da 09:30ean udaletxe aurretik.