Etxez etxeko janari zerbitzua aurkeztuko du udalak

Anboto 2011ko mai. 6a, 08:58

60 urtetik gorakoentzako eta laguntza behar dutenentzako sortu dute

60 urtetik gorakoentzako eta laguntza behar dutenentzako sortu dute. Berrizko Udala etxez etxeko janari zerbitzua prestatzen eta zehazten ibili da azken hilabeteetan, eta, martitzenean, hilaren 10ean, jendaurrean aurkeztuko dute. Jubilatuen egoitzan izango da aurkezpena, arratsaldeko 17:30ean. Gizarte Ongizate Sailetik iazko azaroan hasi ziren herritarrei zerbitzuaz galdezka, interesa neurtzeko asmoz. Urtarrilean udalbatzarrean onartu zuten zerbitzua arautzen duen ordenantza, eta orain martxan ipini gura dute. On Ein! izenagaz zabalduko da zerbitzua Berrizen.[imgd]http://www.anboto.org/images/9300/9319/1.jpg[/imgd] Astean behin, aste guztirako izango diren zazpi bazkari jasoko dira; lehen eta bigarren platerak, azkenburukoa eta ogia egongo dira menuan. Jakiak mikrouhin labean berotzeko egokiak diren ontzietan eramango dituzte etxeetara, banaketa furgoneta hozkailuetan egin eta gero. Gainera, dieta pertsonalizatu eta elikadura ohituren jarraipena ere eskainiko dute.

Helburuak

On Ein! zerbitzuaren erabiltzaileek etxean gustura egoteko eta autonomia mantentzeko behar duten laguntza izatea da udalaren helburua. Malnutrizioa eta istripu arriskuak saihestea eta erabiltzaileari denbora libre gehiago ematea ere baditu jomuga. Erabiltzaile izateko bete beharreko baldintzak honako hauek dira: herrian erroldatuta egotea, gutxienez sei hilabetean, beharrizana Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiaztatuta egotea eta etxebizitzaren bizigarritasun baldintzak egokiak izatea. 60 urtetik gorako eduki eta bakarrik bizi edo bizilaguna antzeko egoeran dutenentzako da zerbitzua. Ordaintzeko laguntza emango dute, urteko errenta percapitaren arabera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!