Eguazteneko udalbatzarrean onartu zuten proiektua ordezkariek. San Pedro Legañon orain arte aurkitutakoan sakondu, berreskuratu eta gerora erakustea du helburu udalak. Garrantzi handia eduki dezake ingurune horrek herriaren historian, eta tamaina horretako egitasmoa ipini dute martxan.
Eguazteneko udalbatzarrean onartu zuten proiektua ordezkariek. San Pedro Legañon orain arte aurkitutakoan sakondu, berreskuratu eta gerora erakustea du helburu udalak. Garrantzi handia eduki dezake ingurune horrek herriaren historian, eta tamaina horretako egitasmoa ipini dute martxan.
Aurrera begirako ibilbidea bi ataletan banatuko litzateke: arkeologia lana eta interpretazio erakusketaren diseinua. Lehenengo fasea 2011-2012 urteetan burutuko litzateke.
Roman Rodriguez Calleja arkeologoak Legañon egindako lanak eta ondoriozko emaitzak azaldu zituen barikuan. Historiako hiru garai islatzen dituzten aztarnak topatu dituztela argitu zuen: XI. XVI. eta XIX. mendeetakoak.
Hilobien kokapena, norabidea, egitura eta materialak aztertuta ondorioztatu dute hiru sasoitako elementuak daudela bertan. Hilobi batzuk ipar-hego norabidean daude; beste batzuk mendebalde-ekialde zentzuan. Hilobien estalki lirateen harrizko xaflak aurkitu dituzte, baita egurrezko kutxak ere. Azken hauek eta barneko hezurrak ermitatik kanpo egon dira, eta ikerketen arabera, XIX. medekoak dira. Zaharrenak ez izan arren, oso garrantzitsuak: eliza zein kanposantutik kanpo aurkitu diren era horretako lehen aztarnak dira Bizkaian. Antza denez, izurrite batek bultzatuta, hilobiratzeak elizatik kanpo egiten hasi ziren orduko berriztarrak.
Uste bako garrantziagaz egin dute topo, izaera zein denboragatik. Ordezkarien arabera, herriko historia hobeto ezagutzeko lagunduko du abiatuko den azterketa berriak. Gainera, \"turistikoki ingurua indartu dezake\", Argiñeta, Momoitio eta ikertzeke dagoen Andikoako guneagaz lotuz.
Espero baino zaharragoa
Berrizko lehenengo biztanleetaz ari gaitezke berbetan; beraz, herriko sorlekua izan daitekeenaren teoriak indarra hartzen du. Laster hasiko dituzte arkeologoek euren ikerketa lan berriak, eta baliteke ondorioetan ere nobedadeak izatea.
Erakusketa
Proiektuaren azken asmoa, aurkitutakoagaz interpretazio eremu bat sortzea da. Hau da, bisitariak bere kabuz jaso ahal izatea bertako informazioa. Horretarako, ermitaren barrualdea eta ingurua bisitetarako egokituko dituzte, eta bertan zein herrian panelak jartzea aurreikusi dute. Ondotik
igarotzen den GR-Mikeldi ibilbideagaz lotzea ere badute asmoen artean, aurreratu dutenez.