Loiti: "Gure helburua mailari eustea da, eta horretarako gabiltza beharrean"

Anboto 2011ko ots. 17a, 09:16

J.M. Loitik ardura hartu duenetik, egoerari buelta ematen hasi da Berriz. Jokatu dituzten azken sei puntuetatik lau lortu dituzte. Hala ere, azken postuan jarraitzen dute; salbazioa bost puntura daukate oraindino.

J.M. Loitik ardura hartu duenetik, egoerari buelta ematen hasi da Berriz. Jokatu dituzten azken sei puntuetatik lau lortu dituzte. Hala ere, azken postuan jarraitzen dute; salbazioa bost puntura daukate oraindino. Duela bi aste heldu zinen Berrizera. Zelan ikusi duzu taldea? Hasieran dudak neuzkan, taldekideen egoera zelakoa izango ote zen, baina gogo handiagaz ikusi ditut jokalariak. Taldea gaztea da, eta zulotik irteteko aukera duela sinesten du. Animikoki ondo daude, eta bi asteotako lanagaz, entrenamentuekin eta partiduekin, oraindino eta gehiago sinesten dugu mailari eusteko dugun aukera horretan. Eta taldeak zu, zelan hartu zaitu? Entrenatzaile aldaketak beti dira onak. Zergatik? Normalean jokatzen ez duten jokalariek aukera bat ikusten dutelako, abagune bat; entrenamentuetan gehiago saiatzen dira. Titular sentitzen denak ere, jokatuko duela uste duenak, ondo hartzen du. Entrenatzaile aldaketa emaitza txarren ondorio da. Eta emaitza txar horiek taldeak ondo ez jokatzearen ondorio dira. Aldaketa guztiak positiboak dira. Azken sei puntuetatik lau lortu dituzue. Dinamika onean sartu zaretela dirudi, ezta? Bai. Lehenengo aurkaria Basurto izan zen; beheko postuetako talde bat. Zer edo zer ateratzeko aukera ona zela pentsatzen genuen; berdindu egin genuen, partidua irabaztea merezi genuen arren. Puntu bat lortu genuen, eta genituen bajak kontuan izanda, ondo dagoela pentsatzen dut. Aurreko astean, berriz, taula erdialdean dagoen Apurtu Arteren aurka jokatu genuen. Partidua irabazi egin genuen; egia esateko, ondo irabazi genuen, gainera. Amaieran estutu egin gintuzten, baina, emaitza labur geratu zen. 15 jardunaldi falta dira txapelketa amaitzeko. Maila mantenduko duzuela uste duzu? Bai, noski. Hori da gure helburua, eta hori lortzeko gabiltza guztiok beharrean. Gauza bakarra eskatu diet jokalariei: azken hilabetera, azken lau partiduetara, bizirik heltzea; hau da, maila mantentzeko aukerekin heltzea. Arinago bada, hobe, baina egoera hau denboraldia amaitu arte geugaz eroango dugu, salbazioa bost puntura dugu-eta. Azken bi partiduetan puntuatu ondoren, puntu bakarra moztea lortu dugu. Taldera heldu nintzenean, sei puntura geneukan salbazioa, eta orain bost puntura dugu. Beste taldeak ere puntuatzen dabiltzala esan gura du horrek. Eta zeintzuk izango dira maila mantentzea lortzeko gakoak? Formularen jabe ez naiz, bestela ez ginateke honela egongo (barrez). Taldeak kalitate handiko jokalariak ditu; modu batera jokatzen jardun dute, eta nik beste modu batera jokatzeko eskatuko diet. Helburua puntuak lortzea da. Maila horretan asko jokatzen da goitik, bigarren jokaldiak daude, estrategia erabiltzen da... ezaugarri horiek alboratu barik, beste modu batera jokatzeko eskatuko diet: baloia gehiago edukitzeko eskatuko diet, hain zuzen ez jokatzeko; hegalak erabiltzeko... Horretan saiatuko gara. Hala ere, garrantzitsuena emaitza positiboak lortzea da. Fitxatu al duzue norbait? Maila honetan, taldeetako jokalariek soldatak dituzte. Berrizek, berriz, filosofiagatik partidukako pizgarriak eskaintzen ditu. Gaitza da bilatzen duzun hori ekartzea, beraz. Zuzendaritzari aurrerako eta atzerako jokalariak eskatu dizkiot; batez ere, atzeko postuetarako jokalariak behar ditugu. Gainera, baja garrantzitsu bat izan dugu; Jon Acedok denboraldi osoa galduko du lesio bat dela-eta. Jardunaldi honetan Ugeruagaren aurka jokatuko duzue. Zer asmo daukazue? Bost puntura dauzkagu; partidu garrantzitsua da eurentzako ere, beraz. Gu hara puntuatzera goaz; etxetik kanpora puntuak lortzea positiboa da. Hala ere, baja garrantzitsu bat dugu, gainera; Raul Ramos kapitainarena, hain zuzen ere. Berrizek urte ugari darama Ohorezko Mailan, ardura handia sentitzen al duzu? Ardura handia da, baina ez nau kezkatzen. Horrelakoa naiz. Nik guztia emango dut, betiko moduan. Egon naizen talde guztietan sentitu dut ardura bera. Eta entrenataile lanean, erronka legez hartzen dozu? Bai. Batez ere, horregatik onartu dut eskaintza. Oso gustura nengoen Zornotzan, baina Ohorezko Mailan entrenatzea erronka handia da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!