Berriz, Abadiño, Durango eta Elorrioko udalek eta Amankomunazgoak bultzatu dute protokoloa, biktimei arreta hobea emateko helburuz.
Indarkeria sexistaren biktimei arreta hobea emateko helburuz, Durangaldeko erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa prestatu dute azken bi urteetan Berriz, Abadiño, Durango eta Elorrioko udalek eta Amankomunazgoak. Ertzaintza, Osakidetza eta Hezkuntza sailagaz ere jardun dute lanean.
Eguazteneko udalbatzarrean protokolo hau onartu zuten EAJko bost botoekin; gainerakoak abstenitu egin ziren. Ezker abertzaleko Karmen Amezuak ideia ona dela adierazi zuen, baina \"emakume taldeen, eragileen eta oposizioko alderdien iritzia jaso barik\" egin dela kritikatu zuen. Gainera, atentzio gehienak arratsaldetik aurrera izaten direla-eta, protokoloaren ordutegia 15:00ak arte izateagaz desadostasuna agertu zuen.
Hilaren amaieran aurkeztuko dute protokoloa ekitaldi bategaz.