2011rako aurrekontu orokorra onartu dute

Anboto 2010ko aza. 23a, 10:10

EAJren aldeko botoekin (5) onartu zuten astelehen iluntzean; ezker abertzaleko zinegotziak (4) eta PSE-EEkoa abstenitu egin ziren, eta EAkoak kontra bozkatu zuen.

EAJren aldeko botoekin onartu zuten astelehen iluntzean; ezker abertzaleko zinegotziak eta PSE-EEkoa abstenitu egin ziren, eta EAkoak kontra bozkatu zuen. 5.495.530 eurotan zehaztu dituzte sarrera zein gastuak, aurrekontua orekatua da beraz. Inbertsio plana ere onartu zen udalbatzar berean, eta horretarako, hasiera batean, 2010erako soberakinak erabiltzea planteatu zuen Jabier Azpitarte alkateak. Lau proiektu dira udalarentzako lehentasun: Learreta-Markina eskolako patioaren zabalkuntzaren bigarren fasea (529.000 euro), Musika etxea (332.000 euro), Berrizburun egingo lirateken ortuak (150.000 euro) eta \"bihar-etzi nagusientzako egoitza edo zerbitzu bat egin ahal izateko Aldundiari proposamen bat egin, aztertu eta behar baldin bada lurra erostea\". Ezker abertzaleko zinegotziek aurkeztu zuten zuzenketa bakarra, kargudunen dieten gainekoa. 2011rako, udal gobernuak zinegotzi bakoitzaren hileko saria 688 eurotan kokatu du, eta Karmen Amezuak azaldu zuenez, eurek kopuru hori erdira jaistea gura dute, 344 eurora, hain zuzen. Geratuko litzatekeen dirua -41.280 euro- herrian enplegua sustatzeari begira inbertitzea planteatu zuten. Momentu honetan, \"udalean liberatuta alkatea bakarrik\" dagoela gogoratu zuten argudio bezala, besteak beste. Ogasun batzordean proposamena aurkeztu eta ezezkoa emanda eroan zuten udalbatzarrera, baina hemen ere ez zen aurrera atera (EAJk eta EAk kontra bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen). \"Aurrekontuak batzordeetan guztien artean landu eta orokorrean ados egon arren\", zuzenketa hori ez sartzeak abstentziora behartzen zituela azaldu zuen Amezuak. EAko Puri Perez zinegotziak bere kontrako botoa arrazoitu zuen. Lehenik eta behin hizkuntzagatik: \"gazteleraz bidaltzeko eskatzen nabil eta euskaraz ematen didate beti\". Bigarrenik, lan-sarien banaketa berria ez duelako konpartitzen; aurten arte alderdika banatzen ziren, eta orain zinegotzien arabera (guztiek berdina, batzordeburuen apartekoa kenduta). Jabier Azpitartek, horri erantzunez, alde batetik alderdien gastuak udalak berak jasaten dituela -lekua, ordenagailuak, inprimagailuak...-, eta bestetik, udal talde baten desegiteak -ezker abertzalea- bultzatu zuela adierazi zuen. Karmen Amezuak, erabaki hori Ogasun batzorde batean onartu zela gogoratu, eta Perezi, honek ere aldeko botoa eman zuela aurpegiratu zion. Bestalde, Perezek eta Amezuak Berriz SUSA elkarte publikoaren kontrako jarrera agertu eta euren bozkaren argudioan kokatu zuten, baita ere.

Alkateari txekea

Iaz ere proposamen berbera egin zuen ezker abertzaleak, dieten %50a murriztea lanpostuak sortzeko. Ez zen onartu, eta gutxienez 2010eko euren irabaziaren erdia helburura bideratzeko konpromisoa hartu zutela azaldu zuen Amezuak. Hori dela-eta, Jabier Azpitarte alkateari 16.000 euroko txekea eman zion, udalari dohaintza eginez. Ideia konkretua ere eskaini zuten dirua erabiltzeko: \"Emakumeek Berrizko historiari egindako ekarpena\" ikertuko lukeen beka plazaratzea. Azpitartek euren borondatea aintzat hartu, eta txekea zein bekarako zirriborroa Berdintasun batzordera bideratuko dituela esan zuen. Legegintzaldia amaitu arteko epean ere, lan-saria erdira jaisteko erabakia mantenduko dutela aurreratu zuen Amezuak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!