Juan Landa: "Udalak gobernu txikiak dira; euren esku ere badago giza eskubideak babestea"

Anboto 2010ko aza. 12a, 10:41

Giza eskubideak errespetatzeko udalek ekarpen bat baino gehiago egin dezaketela-eta, jardunaldiak antolatu dituzte gaur Berrizen.

Giza eskubideak errespetatzeko udalek ekarpen bat baino gehiago egin dezaketela-eta, jardunaldiak antolatu dituzte gaur Berrizen. Udal ordezkariekin giza eskubideetan adituak diren pertsonek parte hartu dute jardunaldian. Tartean izan da Juan Landa abokatua. Zergatik ikusten duzu beharrezko udal mailan giza eskubideak babesteko hausnarketa egitea? Giza eskubideak, batez ere, udal mailan kudeatzen direlako. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak dira, eta hainbat arlotan egiten dute lan: inmigrazioa, emakumeen aurkako bortizkeria, adin nagusiko pertsonentzako zerbitzua, ezinduen laguntza… Momentu honetan, zer dago udalen esku? Aipatutako lan eta zerbitzu horiek guztiak eta gehiago betidanik daude udalen esku; udalak, azken baten, gobernu edo \"estatu\" txikiak direlako. Kontua da orain gutxira arte, giza eskubideak nazioarteko ardura dela pentsatu dugula. Udalak geroago eta kontzientzia handiagoa dabiltza hartzen, zorionez. Mozioen bitartez, elkarretaratzeak deituz... giza eskubideen urraketak salatzen dituzte sarri udalek. Hortik haratagoko lan bat egin beharko litzateke? Noski baietz. Oso larria da –guztiontzat, gainera– alderdi politikoen ilegalizazioa edo Udalbiltza lako erakundeen kriminalizazioa, beste askoren artean, baina, adibidez, arrazakeria eta xenofobia ere hedatuta daude gure gizartean. Frantzian ijitoak botatzeko asmoaren kasuan, adibidez, eztabaida hori Legebiltzarrean eta Jaurlaritzan gauzatzen ari da. Hori guztia argitu behar da, argudioz, sentsibilizazioz, lan eginez… eta hau udalen zeregina da. Nire ustez, lehentasunetako bat giza eskubideetan udal langileak prestatzea da, eurak direlako udalen botere publikoa, denona, erabiltzen dutenak. Zer giza eskubide dauzkazu gogoan udal inplikazioari buruz berba egiterakoan? Europako Batasunak badu Giza Eskubideen Karta (Estrasburgon 2007ko abenduan onartu zena), eta hemen ere aplikagarria da. 300 udal baino gehiagok, gainera, Giza Eskubideen Udal Europearren Karta (2000eko maiatzaren 18a) sinatu zuten. Karta horietan giza eskubideak unibertsalak eta zatiezinak direla aitortzen da. Premietan dauden taldeen gutxienezko beharrak asetzea ere giza eskubidea dela aitortzen da. Horrez gain, hainbat eskubide aitortzen dira: berdintasuna, hizkuntza, herritarren partaidetza efektiboa, zerbitzu sozialetara heltzea, etxebizitza duin eta segurua, osasuna, lana, hirigintza egokia, lasaitasunez bizitzeko eskubidea; administrazioaren transparentzia, herritarren datuen babesa, administrazio on bat izateko eskubidea… Udalen sare bat egitea izango litzateke asmoa. Udalek elkarri zelan lagundu diezaiokete? Lehenengo, konzientzia indartu eta ahalik eta gehien hedatuta. Orain arteko kartak eta antzeko agiriak oso ondo daude, baina ez dira nahikoa. Zentzuz eta buruz, ekintzetara pasatu beharra dago; ikerketan, hezkuntzan, sentsibilizazioan... Ezinbestekoa da elkartzea. 1998an Bartzelonan onartutako udalen arteko konpromisoan adierazten denez, udalek ezkutuak izan behar dute herritarrek pairatzen dituzten eraso guztien aurrean. Europan badago horrelako esperientziarik? Udalen elkarlanaren esperientzia mordoa dago Europan, eta baita mundu osoan ere. Hor daude Pobreziaren Aurkako Udalen Aliantza eta Arrazakeriaren Aurkako Udalen Koalizioa edo Emakumeekiko Indakeriaren Kontrako Udal Erakundeen Europear Sarea… Baina, agian, garrantzizkoena Giza Eskubideen Aldeko Europear Hirien Sarea dugu. 1998an sortu zen, eta bere hurrengo Nazioarteko Bilera Donostian egingo du 2012an.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!