Eguaztenean egin zuten ohiko udalbatzarrean, galde-eskeetan, Aaiun inguruan jazotakoak salatu eta Sahararentzako konponbidea eskatu zuten, besteak beste.
Atzo egin zuten ohiko udalbatzarrean, galde-eskeetan, Aaiun inguruan jazotakoak salatu eta Sahararentzako konponbidea eskatu zuten, besteak beste. Udal adierazpena onartu zuten EAJk, ezker abertzaleak eta EAk. PSE-EE abstenitu egin zen, puntua galde-eskeetan sartu zela-eta, \"denbora gehiagoz landu\" beharko litzatekela esanez.
Galde-eskeen txanda aprobetxatu zuten aipatutako gaiari heltzeko. Lehenik, ezker abertzaleko Karmen Amezuak euren proposamena irakurri zuen, eta ondoren, Orlan Isoirdek EAJrena. Biak bateratuz adierazpena onartu zuten. Gainera, atzo erabaki moduan, udalak mobilizatzeko deia egin die berriztarrei; domekan izango da hitzordua, 12:00etan.
NBEri, EBri eta Espainiako Gobernuari sahararren giza eskubideak bermatzeko, Marokogaz duten elkarte-akordioa eteteko eta gatazkari bidezko eta behin betiko irtenbidea emateko ekintza politikoak bideratzea eskatu zuten. Marokoko erakundeekin hartu-emanak izateari uko egin eta sahararen autodeterminazioaren aldeko konpromisoa berretsi du udalak.
Horretaz aparte, domekan ere Madrilen burutuko den manifestaziora joateko autobusa ipiniko dela azaldu zuen Jabier Azpitarte alkateak. Elorrio, Durango, eta Berrizko udalen artean bideratuko dute autobus hori. Gaur, ekimenekin jarraituz, udaletxe aurrean Saharako bandera ipiniko dute, ikurriñaren alboan.